23. Korrika

Eragile berriek jada eros ditzakete 23. Korrikako kilometroak

Iraia Oteiza 2024ko ots. 2a, 19:00

22. Korrika Zumaian.

Eragile berriek 425 euroren truke eskuratu ahal izango dute kilometroa, eta kilometro erdiak, berriz, 225 euroko kostua izango du. Kilometroa erosi nahi dutenek kostako arduradunarekin jarri beharko dute harremanetan.

Martxoaren 14tik 24ra ospatuko da aurten 23. Korrika, Harro herri lelopean. Irunen (Gipuzkoa) hasiko da, eta Baionan amaitu. Urola Kostara martxoaren 19an, asteartea, iritsiko da, 23:57an sartuko da Orion Usurbildik barna, eta, hala, martxoaren 19tik 20rako goizaldean, helduko da Zumaiara 02:03 aldean. Eskualdea zeharkatu, eta euskararen aldeko martxa 05:26an iritsiko da Azkoitira, handik Bergararantz jarraitzeko. (Ikusi hemen eskualdeko ibilbidea eta ordutegia).

Orain arte Korrikaren aurreko edizioan kilometroa erosi zutenek izan dute kilometro berria eskuratzeko aukera, baina, gaurtik hasita, eragile berriek ere horretarako aukera dute. Erakundeek, enpresek nahiz herritarrek 425 euroren truke eskuratu ahal izango dute kilometroa, eta kilometro erdiak, berriz, 225 euroko kostua izango du.

Kilometroa erosi nahi dutenek Korrikako Urola Kostako arduradunarekin jarri beharko dute harremanetan, egoitz-d@aek.eus korreo elektronikora idatzita mezua. NA, izen-abizenak, helbidea, herrialdea, herria, posta kodea, telefonoa eta e-posta jakinarazi beharko dituzte mezu horretan. Mezua bidali ostean, arduradunak modu pertsonalean adieraziko dio norbanako bakoitzari nola egin behar duen kilometroaren ordainketa. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide