Koplez eta musikaz beteko dira bihar Zumaiako kaleak

Juan Luis Romatet 2024ko otsailaren 3a

Herri Eskolako ikasle eta irakasleak, santa eskean.

Hiru kantu kalejira izango dira bihar, igandean, Santa Ageda egunaren bezperan.

Makilak eskutan hartu, eta kalera aterako dira bihar herritar asko koplak abestera. Izan ere, Santa Ageda egunaren bezperan hiru kantu kalejira egingo dira Zumaian. Eguerdi partean bi egingo dira, eta arratsaldez hirugarrengoa.

Lehena abiatzen Zumaiako Herri Eskolakoa izango da. Haur, heldu, abeslari eta trikitilariez osatutako taldea Victoriano Arrate etorbidetik (Ttakun taberna paretik) aterako da goizeko 11:30ean, eta Ondartxo plazan amaituko du bidea. Mokadutxo bat ere banatuko dutela azaldu dute antolatzaileek.

Geroxeago, eguerdiko 12:00etan, San Pedro Abesbatzako kideak hasiko dira garai honekin lotutako abestiak kantatzen. Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuko dira, eta kalez kale ibiliko dira kantuan. Herritarrei taldera gehitzera ere animatu ditu koruak.

Arratsaldean, berriz, 16:30ean hasita, Korokoiak abesbatzaren Sasi Ageda eskean kantu kalejiraren txanda izango da. Koplak gaur eguneko gaietara ekarriko dituzte eta mozorroen argazki txokoa ere egingo dute, amaieran, Kofradian. Taldea Beheko plazatik abiatuko da, eta geldialdiak egingo ditu Victoriano Arrate etorbidean, Gernika parkean, Sanjuaniturrian eta Kupela plazan, besteak beste.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide