Otsailaren 17ra arte eskatu daitezke festetan salmenta postuak jartzeko baimenak

Juan Luis Romatet 2024ko otsailaren 7a

Hamabost postu jarri ahal izango dira gehienez.

Guztira hamabost postu baimenduko dira Gernika parkean, eta saltzaile bakoitzak postu bakarra jarri ahal izango du.

Salmenta postuak jarri ohi dituzte Gernika parkean San Telmo eta San Pedro jaietan. Postu horiek arautzeko ordenantza prestatu du Zumaiako Udalak. Araudi honen arabera, guzira hamabost postu baimenduko dituzte, eta saltzaile bakoitzak postu bakarra izango du.

Hala, interesdunek baimen eskaera orria beteta aurkeztu beharko dute udaletxean, bestelako dokumenturik gabe. Orri horretan, postua jartzeko baldintzak betetzen dituztela adierazi beharko dute. Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago jada eta otsailaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Behin epea amaitutakoan, eskatzaileen arteko zozketa egingo du udala, eta martxoaren 4an erakutsiko du baimenduen zerrenda. Hortik aurrera, baimenduek baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten dokumentazioa eta ordain agiria erakutsi beharko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide