Emakumeek lan munduan eta alderdi teknikoari lotutako ikasketetan duten rolaren inguruko solasaldia antolatu du Zumaiako Emakumeon Etxeak. Bihar izango da, 18:30ean hasita.
Lan eta hezkuntza munduko emakumeak izango dira saioan; honako hauek izango dira hizlariak: GKN enpresako langile June Alberdi eta Garazi Arrizabalaga, Korta enpresako langile Belen Rodriguez eta Nagore Aparicio, Oteiza lizeoko erdi mailako mekanika zikloko ikasle Intza Pagoaga eta Ingeniaritza Mekanikoko ikasketak egin eta Oteiza lizeoko teknologia departamentuko irakasle eta ingurumen kudeaketaren arduraduna den Lucia Mancisidor.
Genero rolek ikasketen aukeraketan duten eraginaz arituko dira. "Gaur egun, oraindik ere, arlo teknikoko ikasketetan eta lanetan emakumezkoen presentzia txikia da. Arlo horretan emakumeek topatzen dituzten zailtasun eta erronkez arituko dira hizlariak, aurreiritziei eta ohitura matxistei buelta emateko helburuarekin", azaldu dute antolatzaileek