Herriko haurren hizkuntza ohiturak, 'Euskara, bestela ez gara' zikloa hasteko

Juan Luis Romatet 2024ko otsailaren 7a

Larrainako eta udal ordezkariak zikloaren aurkezpenean. (Zumaiako Udala)

Hiru hitzaldi eta zinema emanaldia antolatu ditu Larraina euskara elkarteak aurtengo ziklorako. Zinema emanaldia izan ezik, beste jarduera guztiak Alondegiko Oxford aretoan egingo dituzte.

2012. urtean ekindako bideari jarraituz, euskara ardatz duten zenbait hitzordu izango dira Zumaian datozen asteetan Euskara, bestela ez gara zikloaren barruan. Azken urteetan Larraina euskara taldeak hartu du egitasmoa martxan jartzeko ardura, Zumaiako Udalaren laguntzarekin, eta aurtengoan hiru hitzaldi eta film emanaldia prestatu ditu. Saio guztiak Alondegiko Oxford aretoan izango dira, asteazkenetan, 18:30etik aurrera, zinema emanaldia izan ezik; hori Aita Marin izango da, ordu berean.

Gaur bertan izango da zikloko lehen saioa, eta puri-purian dagoen gai baten inguruan arituko dira: Zumaiako haurrek euskaraz. Ikerketen emaitzak eta interpretazioak izena jarri diote solasaldiari. "Zenbateraino egiten dute euskaraz Zumaiako haurrek? Adin tarte guztietan berdin egiten dute? Zein dira gakoak euskaraz egiteko?", galdetu dute antolatzaileek. Mahai inguruko partaideak EHUko irakasle Jaime Altuna, EHUko irakasle eta Larrainako kide Ibon Manterola eta Soziolinguistika Klusterreko partaide eta Larrainako kide Belen Uranga izango dira. Orain arte egindako ikerketa batzuetatik ateratako ondorioak plazaratuko dituzte gaur.

Askoren ahotan dagoen gai bat landuko dute otsailaren 21ean egingo duten saioan; Adimen artifiziala, euskararentzat erronka izenburupean ariko dira, hain zuzen ere. Hizlariak EHUko, Hitz zentroko eta Ixa taldeko kide Xabier Arregi eta Elhuyarreko partaide Itziar Cortes izango dira. Larrainako kide Olatz Arregi arituko da gidari lanetan.

Euskara futbol munduan

Bestalde, futbolaren munduan euskarak duen presentziaz arituko dira hizketan martxoaren 6an. Hiru lagun izango dira mahai inguruko protagonistak: Osasuna taldeko entrenatzaile Jagoba Arrasate batetik, eta Arritxu Iribar eta Maitane Urbieta kazetariak bestetik, biak ere zumaiarrak. "Nola bizi eta uztartu futbola eta euskara?", galdetu dute Larrainako kideek. "Mahai inguruko hiru partaideak euskaldunak eta eskarmentu handikoak dira; badaukate zer kontatua, eta badaukagu zer ikasia".

Aurtengo zikloarekin amaitzeko, martxoaren 20an Bizkarsoro filma emango dute Aita Marin, eta ikus-entzunezkoaren zuzendari Josu Martinez izango da filma aurkezten. Amaieran, solasaldia izango da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide