Eguraldi txarra dago iragarrita asteburu honetarako, baina egun hauetan festarako gogoz denak ez dauka etxean gelditzeko aitzakiarik, aurten ere udalak eta herriko eragileek hainbat ekitaldi antolatu dituztelako inauteriez behar bezala gozatzeko.
Festa gaur arratsaldean hasiko da: aurrena herriko ikastetxeetako haurrek egingo dute mozorro festa, eta ondoren, ozeanoa zeharkatu eta Kubara gerturatuko dira herritarrak Musika Eskolaren eta ZUMB-Musika Bandaren eskutik. Herrialde horixe aukeratu dute, izan ere, aurtengo inauterietako gai gisa.
Bihar Astindu dantza elkartekoen kalejirarekin hasiko da eguna, eta txarangen musika doinu alaiek ere girotuko dute herria. Mozorro festa, lehiaketa eta kontzerturik ez da faltako, ezta urteroko Argazki Txokoa ere. Helduen mozorro lehiaketako sariak han egindako irudiekin erabakiko dira aurten ere. Banaka edo binaka, edo taldeka igo ahal izango dira taulara, eta han argazkiak aterako zaizkie. Irudi horiek Baleike.eus webgunera igoko dituzte igande goizean, eta han izango dute erabiltzaileek gogokoen dituzten mozorroak hautatzeko aukera, ostegun gauerdira arte. Ostiralean jakingo da zein diren saridnak.
Banakako edo bikotekako mozorro onenak Gertu elkarteak emandako 80 euroko erosketa txartela irabaziko du; taldekako onenak, berriz, 200 euroko erosketa txartela, hori ere Gertu elkarteak emandakoa.
Igande eguerdian fanfarrea ibiliko da kalerik kale, eta inauteriei amaiera emateko, astelehenean, bi saio eskainiko dituzte arratsalde partean Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek.
Honakoa da datozen egunetarako egitaraua:
Gaur, ostirala
- Arratsaldean. Herriko ikastetxeetako haurren inauteri festa.
- 17:30. Ubillosen hasita, Musika Eskola eta ZUMB-Musika bandaren inauterietako kalejira. Gaia: Kuba!
Bihar, larunbata
- 12:00. Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta, Astindu dantza elkartearen dantza kalejira.
- 12:15-14:00. Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta, Familian Zumai txaranga salto eta dantza! herriko kaleetan zehar.
- 17:00. Eusebio Gurrutxaga plazan, inauterietako mozorro festa.
- 18:00. Haurren mozorro lehiaketa (0-16 urte), Eusebio Gurrutxaga plazan. Izen-ematea, 17:00etan, plazan bertan.
- 18:30. Herriko kaleetan zehar, kalejira Zumai txarangarekin.
- 18:30-21:00. Oxford aretoan, Argazki Txokoa.
- 20:00. Amaia plazan, kontzertua Karter, Hoben eta Occhi di Farfalle taldeekin.
- 22:00. Kofradian, diskoteka.
Etzi, igandea
- 12:00-14:30. Beti Jai Fanfarrearen kalejira herriko kaleetan zehar.
- 17:00. Aita Mari aretoan, zine emanaldia: El arca de Noé.
Etzidamu, astelehena
- 15:00 eta 17:30. Zumaienan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizuna: Ez gara jaitsiko!