Garrotxara joango da Indamendi Aste Santuko irteeran

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 9a, 12:00

Garrotxako ikuspegia. (Turisme Garrotxa)

Martxoaren 28tik apirilaren 1era bitartean egingo du Indamendi bazkunak Aste Santuko irteera. Oraingo honetan Herrialde Katalanetara joango dira Zumaiako mendizaleak.

Herrialde Katalanetan jarri du jomuga Indamendi mendi bazkunak Aste Santuko irteerarako. Martxoaren 28tik apirilaren 1era bitartean egingo dute aurtengo irteera eta Garrotxa eskualdera joango dira. Garrotxa Kataluniako ipar-ekialdean dagoen eskualde mugakidea da, Gironako probintzian kokatutakoa, Ipar Kataluniako mugan.

Martxoaren 28an aterako dira Zumaiatik, eta Lleidako Astoria jatetxean bazkalduko dute. Arratsaldean, Garrotxako Santa Paura iritsiko dira, eta bertako Bella Vista aterpetxean igaroko dituzte lau gauak.

Martxoaren 29an Vall d'en Bas zonaldera joango dira. Collada de Braconsetik hasiko dira, eta Puigsacalm (1.514 m), Puig dels Llops eta Puig Comelis mendiak igotzea da asmoa. Ondoren, Salt de Sallentera joango dira, eta amaiera Sant Privat d'en Basen izango da. Ibilbideak 15 kilometro, 600 metro desnibel positibo eta 1.200 metro desnibel negatibo izango ditu.

Martxoaren 30ean, Beudatik aterako dira, eta Mare de Deu del Mont (1.125 m) igota, Collada d'Espinautik Besalúra jaitsiko dira. Besalú ikusteko aukera izango dute. Ibilbideak 19 kilometro, 1.000 metro desnibel positibo eta 1.200 metro desnibel negatibo ditu.

Martxoaren 31n, Sadernesetik aterata seguraski bi ibilaldi egiteko aukera egongo da. Bata Puig de Bassegodara igotzea izango litzateke, 19 km eta 1300 metro desnibel positibo eta negatibo; bestea, Puig de Bistoltesea igotzea izango litzateke, 15 km eta 900 metro desnibel positibo eta negatibo.

Apirilaren 1ean aterako dira Santa Pautik, eta Jakako Cobarcho jatetxean bazkalduko dute.

Izen-ematea zabalik

Irteera honetarako izen-ematea dagoeneko zabalik dago, eta martxoaren 1ean itxiko da. Prezioari dagokionez, 250 euro adin txikikoek, 300 euro bazkideek eta 350 euro bazkide ez direnek ordaindu beharko dute. Diru hori elkarteak Laboral Kutxan duen ES27 3035 0037 44 0370007083 kontu korrontean egin beharko dira.

Gero, bankuko egiaztagiria indamendi1@gmail.com posta elektronikora edo 688 86 08 52 WhatsApp zenbakira bidali, edo Goiko Estankoan utzi beharko da. Kontzeptuan norberaren izena jartzea nahikoa da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide