Inauteriak 2024

Kubatar erritmora eman diote ongietorria inauteriei

Jabi Gonzalez Toston 2024ko ots. 10a, 12:45

Musika, dantza eta antzerki eskolako ikasleek harrera martxosoa egin diote ZUMB Zumaiako Musika Bandako kideekin batera asteburu osoan luzatuko den mozorro festari. Herrigunean kalejira egin ondoren, ekitaldia egin zuten Torreberri eraikinaren atarian.

Inauterietako mozorro festa dagoeneko iritsi da Zumaiara. Atzo arratsaldean egin zuen, eta, musika, dantza eta antzerki eskolako ikasleak arduratu ziren ongi etorria emateaz ZUMB Zumaiako Musika Bandako kideez lagunduta. Kubako doinu martxosoen erritmora egin zuten hango kulturara moldatutako euskal dantzekin eta euskaratutako kantuekin.

Festa 17:30 aldera lehertu zen Usillos jauregitik abiatu zuten kalejirarekin. Aurrez, hori bai, Iñaki Ostolaza herriko alkateak inauteriak girotzeko Kubatik etorritorritako ordezkarien esku utzi zuen Zumaiako giltza. Jarraian, kalez kale ibili ziren herrigunean, esan bezala, Beheko Plazara iritsi arte. Bertan, Musika Eskolan musika, dantza edota antzerki eskolak jasotzen dituzten hainbat adinetako taldetxoek beren ikuskizuna eskaini zuten Torreberri eraikinaren atarian. Guztiek ere, euskal-kubatar erara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide