Ohi bezala, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek eman zioten amaiera Zumaiako Inauteri jaiei. Ez gara jaitsiko! ikuskizunaren bi emanaldi eskaini zituzten pailazoek astelehen arratsaldean Zumaiena ikastetxeko aretoan. Bertaratu ziren haurrek, baita haien gurasoek ere, barre egiteko, dantzatzeko eta abesteko makina bat aukera izan zuten emanaldietan zehar.
Saioaren amaieran, AEKko kideak gonbidatu zituzten oholtzara, eta pago baten kimua ere oparitu zieten, ikuskizunaren izenari edo leloari keinu eginez, euskararen irakaskuntzan aritzen den elkarte honetako kideak "ez direlako euskararen zuhaitzetik jaitsiko".