Hirugarren bukatu dute Johanek eta Lopezek Winter Series txapelketa

Juan Luis Romatet 2024ko otsailaren 13a

Imanol Lopez, atzoko partidako une batean. (Eraman!)

Gernikan jokatutako Winter Series txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida izan zen atzo. Johanek eta Imanol Lopez zumaiarrak bi set eta huts irabazi zieten Olharan eta Del Riori.

Johanek eta Imanol Lopez zumaiarrak osatutako bikoteak hirugarren postuan bukatu du udazkenetik hona Gernikan jokatutako Winter Series zesta punta txapelketa. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuten atzo arratsaldez, kontsolazioko finala, eta aurrelari lapurtarrak eta atzelari zumaiarrak osatutako bikoteak bi set eta huts emaitzarekin irabazi zieten Olharan eta Del Riori.

Johanek eta Lopezek nagusitasuna erakutsi zuten norgehiagoka osoan zehar. Lehen setean berehala jarri ziren aurretik (4-1, 8-4), eta Olharan eta Del Rio saiatu baziren ere (10-7), jokoaren amaieran aurkaririk ez zuten izan horiek, eta 15 eta 8 emaitzarekin irabazi zuten.

Urdinek, Olharanek eta Del Riok, aurretik jartzea lortu zuten bigarren jokoan (0-3), baina Johanek eta Lopezek berehala erreakzionatu zuten. Berdinketa ugariren ondoren (3-3, 4-4, 6-6, 7-7), bata zein bestea egon dira markagailuan agintzen. Azken tantoak, baina, horientzako izan ziren eta 15-13 emaitzarekin irabazi zuten jokoa, eta bi joko eta huts emaitzarekin partida.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide