Izen ematea zabalik dago oraindik Zumaiako Herri Lasterketarako

Maria Maya Manterola 2024ko otsailaren 14a

Helene Alberdi eta Joseba Diaz Zumaiako Herri Lasterketan (Aritz Mutiozabal)

Otsailaren 24an, larunbatez, jokatuko da Zumaiako 39. Herri Lasterketa. Interesatuek izen ematea zabalik dute kronoak.com webgunean; hilaren 19ra bitarte izango da horretarako aukera.

Zabalik dago oraindik hamar egun barru jokatuko den Zumaiako Herri Lasterketarako izen ematea. 39. edizioa beteko du aurtengoarekin kirol probak, eta aurreko aldietan bezala, bi distantziaren artean aukeratzeko parada izango dute korrikalariek: 5,1 kilometroko lasterketa laburraren eta 10,2 kilometroko proba luzearen artean.

Larunbatean, bazkalondoan hasiko dira lehen korrika saioak, 15:45ean, hain zuzen ere. Gaztetxoak izango dira saltaka egiten lehenak, kimu mailakoak, eta, ondoren, infantilen eta kadeteen txanda izango da. Horiek Eusebio Gurrutxaga plazan hasi eta bukatuko dute ibilbidea. LH1etik 4ra bitarteko haurrek, berriz, Saregile plazatik Eusebio Gurrutxaga plazara bitarte egingo dute korrika, txandaka.

Kirolari helduagoen lasterketari ekingo diote gero. Proba motzean parte hartzen dutenek Erribera kale aldera joko dute lehendabizi, eta Amaia plazaren parean buelta eman ondoren, Txomin Agirre kaian barrena helduko dira Zumaiena ikastetxe parera.

Bittarte erretegiaren parera heldu eta handik bueltan, anbulatoriorako bidea hartuko dute; gero, zubi txikitik igaro eta berriz helduko dira Txomin Agirre kaiara, paolaldera joateko segidan. Juan Belmontetik barrena hartuko dute bueltako bidea, baina berriz ere Beheko Plazako helmugara iritsi aurretik, Itzurunbidetik igaro beharko dute lasterkariek.

Proba luzean parte hartzen dutenek ia distantzia bikoitza egin beharko dute. Horretarako, lasterketa motzeko ibilbidea osorik egingo dute aurrena, eta gero, bigarren itzuliari ekingo diote, baina Erribera kaleko lehen buelta hori berriz egin beharrik izan gabe.

Helduen kategoriakoek Lubaki kiroldegian jaso beharko dituzte dortsalak egunean bertan, 10:00etatik 12:30era bitartean, eta antolakuntzak jakinarazi du, gainera, bertan dutxatzeko aukera izango dela. Haurren kasuan, herriko ikastetxeetan zintzilik eraman beharreko txartela jaso eta bete beharko dute aurrez.

Proba nagusirako izen ematea kronoak.com webgunearen bidez egin beharko da, otsailaren 19ko 20:00ak baino lehen. Lasterketa laburrean parte hartzen dutenek 11 euro ordaindu beharko dituzte, eta 13 luzekoek. Arautegia nahiz planoak atari horretan bertan daude ikusgai.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide