Carpati izeneko txapelketa jokatuko dute Bukaresten (Errumania) martxoaren 1, 2 eta 3an. Jubenil mailako emakumeen hitzordu honetan Errumaniako, Hungariako, Poloniako eta Espainiako selekzioak neurtuko dira.
Cristina Cabeza Espainiako hautatzaileak 17 jokalari deitu ditu txapelketa honetan aritzeko, eta horien artean da Pulpo Eskubaloia klubeko atezain Andrea Saez. Jokalariak otsailaren 26an elkartuko dira Madrilen, eta handik Azuqueca (Gaztela-Mantxa, Espainia) joango dira prestatze lanak egiteko.
Munduko txapelketara begira dagoen taldearentzako urteko lehen hitzordua izango da hau, eta zer egoeratan dauden ikusteko baliagarria izango zaiela azaldu du hautatzaileak.
Urte hasiera ezin hobea izaten ari da Andrea Saez. Espainiako selekziorako deia jasotzeaz gain, urte hasieran zilarrezko domina lortu zuen Euskadiko selekzioarekin Espainiako txapelketan.