Bi eguneko jaialdi berezia antolatu dute Zumaiako Mugimendu Feministak eta MEFSST Musika Errebolta Feministak elkarlanean. Izan ere, bihar eta etzi, ostiralean eta larunbatean, musikagintzari eta, oro har, kulturgintzari lotutako jarduera ugari izango dira Zumaian eta Zarautzen bi eragile horien eskutik. Esparru horiek feminismoarekin gurutzatuko dituzte jardueretan.
Zumaian egingo dute lehen hitzordua: bihar, Eterna dokumentalaren emanaldia izango da Aita Mariko zinema aretoan. Rap abeslaria, olerkari feminista eta Andaluziako (Espainia) politologoa izan zen Ana Isabel Garcia Llorenteren inguruko ikus-entzunezkoa da, Gata Cattana izenez ezagunagoa. 2017an zendu zen, eta haren legatua dute hizketagai dokumentalean zenbait artistak, tartean, Sara Socasek eta Mala Rodriguezek. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta Torreberri gaztetxean jarraituko dute jarduerekin.
Hain zuzen, mokadutxoa jateko aukera izango dute bertaratzen direnek borondatearen truke. Gero, 22:30ean, Mejillon tigre izeneko poesia emanaldia eskainiko dute Eider Adeletxek eta Ane Zubeldiak. Eider Perez eta Ane Garcia izena dute bi sortzaile horiek, baina haien literatur lanak argitaratzeko amonen abizenak baliatzen dituzte. Bikote hori Hitz esana emanaldiarekin bira txiki bat egiten ari dira Euskal Herrian barrena. Zumaiako ekintzak Balklava DJaren emanaldiarekin amaituko dituzte.
Musika gozatu eta hausnartu
Larunbatean, berriz, Zarauzko Hiruputzu gaztetxean musika jaialdia egingo dute, eta oholtza gainean izango dira, 20:30etik aurrera, Lisamina, Zetkin, Itzek eta Eromena DJa. Musikaz gozatu bakarrik ez, haren inguruan gogoeta egiteko beta ere hartuko dute. Izan ere, kontzertuak hasi aurretik, 18:00etan, adimen artifizialak musikaren sektorean izan dezakeen eraginaz ariko da Ainara Legardon. Hizlariaren hitzetan, artistei, aktibistei eta kultura sorkuntzan nahiz eguneroko bizitzan adimen artifizialaren erabilerez eta gehiegikeriez jabetu nahi duen edonori zuzenduriko solasaldia izango da eskainiko duena. Adimen artifizialaren inguruan modu kolektiboan hausnartuko dute bertaratzen direnek.
Oholtza baino gehiago
Sorreratik sei musika jaialdi antolatu ditu MEFSST kolektiboak, musikaren arloa feminismotik begiratu asmoz. Gehienbat emakumez, bolleraz eta transez osatutako taldeak gonbidatu dituzte jaialdi horietara, baina musikaren arloa oholtza bera baino gehiago dela ulertuta egin nahi izan dute gogoeta. Ez dira soilik zentratu oholtza gaineko emakumeen presentzian, eta beste espazio eta arlo batzuetan gertatzen denaz ere hausnartu nahi dute; esaterako, publikoan, teknikaren arloan, kontzertuen antolaketan... Era berean, ikusezinak diren lanei balioa eman nahi diete, hala nola taldeentzako janaren prestaketari, garbiketari eta taldeen harrera eta zaintzari.