Joera handia daukagu saltoki handietan erosteko. Zergatik dira hain erakargarriak?
Behar ditugun denda-zerbitzu guztiak gune bakar batean bateratzen dituztelako eta erosoak dira bertara joateko, aparkatzeko, eguna pasatzeko. Beraz errazten digu saltoki handi batean behar dugun guztia egin eta ez ibili behar izatea dendaz denda gauzak erosten.
Internet bidez ere gero eta gehiago erosten dugu. Zergatik? Zer abantaila du horrek herriko dendan erostearekin alderatuta?
Nagusiki esango nuke, interneten behar dugun guztia aurkitu dezakegulako gure etxetik irten gabe eta erosoa da, oso erosoa da klik bakar batekin behar duzun hori erosi, azkar etxera bidaltzen dizute, ez zara mugitu behar eta gainera ez dizu eskatzen berriz dendaz denda ibili beharra zerbait bilatzen. Beraz, erosotasunarengatik nagusiki.
Indargunerik edo bereizgarririk ba al du herriko merkataritzak saltoki handien edo online salmentaren aldean?
Nagusiki gertutasuna edo gertuko harremana, azkenean herriko saltokiak tratu pertsonalizatua ematen dizu, eroslea ezagutzen du, tratu berezia ematen dizu. Askoz gertuko eta eguneroko traturako egokiagoa da.
Zure iritziz, herrietako merkataritza beharrezkoa al da? Zergatik? Zer ekarpen egiten dio herriari?
Herriko merkataritzak bizitza ematen dio herriari, herriko merkataritzarik gabe herriak hilda daude, kaleak argirik gabe egongo lirateke, bizitzarik gabe egongo lirateke. Herriko merkataritza herriaren bihotza da eta ezinbestekoa da hori indartzea eta sustatzea.
Zer egin daiteke herriko merkataritza indartzeko saltoki handien eta online salmentaren aurrean? Zer botatzen duzue faltan, zer hobetu beharko litzateke?
Egin beharko litzatekena da bakoitzaren ohiturak aldatu eta ohitu eguneroko erosketak herriko merkataritzan egiten, merkatari txikiei egiten, nahiz eta beti dauden herriko merkataritzatik kanpo gelditzen diren beste erosketa mota batzuk kanpoan egin behar direnak eta online egin beharko direnak, baina egunerokoak eta salerosketen multzo handiena herriko merkatarien bidez egin.