Nolako herria: elkarrizketak 2024

"Dendarik gabeko herri bat soilik lotarako herria bihurtzen da"

Naira Garcia 2024ko ots. 1a, 11:15

2050. urtean Zumaiako merkataritza nolakoa izango den, eta zer aurreikusten duen esan digu Victor Garciak.

Joera handia daukagu saltoki handietan erosteko. Zergatik dira hain erakargarriak?Gehien bat dena denda batean edukitzea bezala delako, azkenean saltoki handiak horretarako pentsatuta daude, jendea erakartzeko, eta pertsonalki uste dut dena batera edukitzearen erosotasuna dela gehien erakartzen gaituena.

Internet bidez ere gero eta gehiago erosten dugu. Zergatik? Zer abantaila du horrek herriko dendan erostearekin alderatuta?
Uste dut normalean prezio hobeak bilatzeak erakartzen gaituela gehienbat, eta gainera etxera ala lanera bidaltzeko abantaila edukitzeak asko egiten du, dendara joan eta erostea baino erosoagoa delako etxeko atera eramatea.

Indargunerik edo bereizgarririk ba al du herriko merkataritzak saltoki handien edo online salmentaren aldean?
Bezeroekiko tratua askoz hobea da, saltzaileak edozer kontuekin laguntzeko prest egoten dira beti eta bezero bakoitzari bere denbora eskaintzen diote.

Zure iritziz, herrietako merkataritza beharrezkoa al da? Zergatik? Zer ekarpen egiten dio herriari?
Noski baietz, azkenean herriari bizitza ematen diote, bestela, dendarik gabeko herri bat soilik lotarako herria bihurtzen da, lan egin ondoren lo egin eta berriro lanera joateko erabiltzen den herri bat besterik ez.

Zer egin daiteke herriko merkataritza indartzeko saltoki handien eta online salmentaren aurrean? Zer botatzen duzue faltan, zer hobetu beharko litzateke?Agian, denok pixka bat gure partetik jartzearekin eta gure herriko dendetan erostearekin nahiko izango litzateke, saltoki handietan gutxiago erosten.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide