Joera handia daukagu saltoki handietan erosteko. Zergatik dira hain erakargarriak?Saltoki handietan denetik aurkitzen dugu, denontzako: helduak, gazteak eta haurrentzako dendak ditugu. Gainera, saltoki handietan denda asko modan daudenak dira, eta egia esan, nahiz eta ez izan pertsonalki oso gogokoak, gu geu ere tarteka arratsalde pasa bezala joaten gara, eta azkenean bertan afalduta itzultzen zara etxera.
Internet bidez ere gero eta gehiago erosten dugu. Zergatik? Zer abantaila du horrek herriko dendan erostearekin alderatuta?
Egia esan, Internetek indar asko hartu du, eta guk geuk ere Internet bidez gauzak erosten ditugu. Interneten abantailarik handiena da, behin gauza konkretu bat erosi nahi duzunean, eta gainera agian herriko komertziotan ez daukazun gauza bat, oso erosoa da Internetetik erosi eta etxera ekartzea.
Indargunerik edo bereizgarririk ba al du herriko merkataritzak saltoki handien edo online salmentaren aldean?
Nire ustez, herriko merkataritzan indargune edo punturik indartsuena gertutasuna da. Herriko komertziotan, askotan, urte askotako harremana dago, eta azkenerako, dendariak berak bezeroaren gustuak ere ezagutzen ditu, eta baita beharrak ere. Eta askotan, guri eskaintzen digutena horren arabera eskaintzen digute, eta hori egia esan, oso lagungarria da.
Zure iritziz, herrietako merkataritza beharrezkoa al da? Zergatik? Zer ekarpen egiten dio herriari?
Herrietako merkataritza bai da guztiz beharrezkoa. Hasteko, herriari bizia ematen dio. Orain dela urte asko ez dela,Erribera kalea ikusi edo gaur egun ikusi, diferentzia pixka bat dago. Askoz komertzio gutxiago dago, eta kalea bera ere askoz hilago dago. Tristea da esatea, baina okerrera joango denaren itxura dauka gainera.
Zer egin daiteke herriko merkataritza indartzeko saltoki handien eta online salmentaren aurrean? Zer botatzen duzue faltan, zer hobetu beharko litzateke?
Ez dago erraza, baina adibidez, bonoen ideiak oso lagungarriak dira. Nik uste dut bonoek asko laguntzen dutela jendea herriko merkataritzara gerturatzeko. Bestalde, agian posible izango litzateke egun bereziak antolatzea, herriko komertziotan erosteko, eta behin erosketa kopuru bat pasatzen denean deskontuak aplikatzea.