Emakumeen Winter Series zesta punta txapelketako lehen finalerdia jokatu zuten atzo arratsaldez Durangoko Ezkurdi frontoian. 500 bat lagun bertaratu ziren pilotalekura, iazko edizioan baino jende gehiago, eta ikusleek partida ederra ikusteko aukera izan zuten. Bizkaiko bikote bat batetik, Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardik osatutakoa; gasteiztar batek eta zumaiar batek, Maite Ortiz de Mendibilek eta Frida Watkinsek eratutakoa bestetik. Laurek ere ikuskizun ederra eskaini zuten.
Lehen jokoaren pasarte askotan aurretik izan ziren Ortiz de Mendibil eta Watkins (0-4, 1-4, 8-9). Bizkaitarrak aurretik jartzea lortu zuten (10-9), baita horiek erreakzionatu ere (10-11). Barrenetxea eta Lejardi ez zeuden ezer oparitzeko prest, eta markagailuan ihes egin zuten (14-11). Ortiz de Mendibil eta Watkins ere partida irabazi eta finalean egoteko gogotsu ziren, eta 14na berdindu zuten. Azken tantoa, baina, bizkaitarrentzako izan zen eta 15-14 emaitzarekin irabazi zuten seta.
Bigarren jokoa ere berdinduta hasi zen (3-3), baina marroiz aritu ziren Barrenetxeak eta Lejardik aurrea hartu zuten (7-4, 9-6, 9-7). Horiek bederatzina berdindu zuten, baina bizkaitarrak berriro aurretik jarri ziren (12-10, 14-10). Ortiz de Mendibilek eta Watkinsek 14-12ra arte estutu zuten partida, baina azken tantoa (15-14) eta, ondorioz, garaipena bizkaitarrentzako izan zen (bi eta huts).
"Publikoa zutik jarri dute emakume puntistek eta zesta-zaleek txaloka agurtu dituzte lau pilotariak aldagelara bidean", laburbildu dute Jai Alai News atarian.