Hilerokoaren zikoloaz elkarrekin ikasten tailerra egingo dute ostiral arratsaldean Zumaiako Emakumeon Etxean. 11 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduera izango da, eta 17:00etan hasiko da. Interesdunek aurrez izena eman beharko dute Gaztegunean (gaztegunezumaia@gmail.com) edo Emakumeon Etxean bertan (info@zumaiakoemakumeonetxea.eus).
Ara!Gorputz kooperatiba feministako kide Ione F. Zabaleta eta Enara I. Dominguezek dinamizatuko dute saioa. Bertan, hilerokoaren inguruan dituzten zalantzak argituko dizkiete gazteei, eta beste galdera batzuk erantzuten ere saiatuko dira: "Dagoeneko etorri zaizu? Nola eragiten dizu? Noiz izan zenuen lehenengo hilekoa? Zer beldur dauzkazu?". Elkarrekin galdera horiei eta beste batzuei erantzungo dietela argitu dute antolatzaileek. "Hilerokoaren zikloaz hitz egingo dugu, geure bizipenez eta premiez mintzatuz, eta erregistroa lantzeko tresna praktikoak partekatuko ditugu", argitu dute.