IRITZIA

M8 Emakume langileok borrokara! Sozialismoa eraiki!

Sara Martinez eta Zoihartze Osa, Urola Kostako Itaia, Emakumeon antolakunde sozialista 2024ko mar. 2a, 10:00

Urola Kostako Itaia, Emakumeon antolakunde sozialistako kide Sara Martinez eta Zoihartze Osa martxoaren 8aren inguruko iritzi artikulu hau idatzi dute.

Gertu dugu martxoaren 8a. Urtero bezala, hasi dira kanpaina politiko ezberdinak martxan eta propagandaz beterik daude kaleak. Enpresak, instituzioak, eragile sozialak, alderdi politikoak… ari dira deialdiak zabaltzen. Mundu guztia aterako da kalera eta gehienek pentsatuko dute gauzak aldatu egin direla, orain gizarte aurrerakoiago batean bizi garela.

Errealitatea, ordea, kontrakoa da: 

“Gasteizen emakume bat erail du bere bikotekideak”, “Pasaian, emakume baten etxea erretzen saiatu da bere bikotekide ohia”, “asteburuan, gutxienez bost emakumeri eraso diete Nafarroan”, “gizon batek neska adingabe bati jazarri dio Gasteizen, mehatxu bidez bideoak bidaltzeko eskatzen”, “uda honetan iazkoan baino %83 emakume gehiagok jasan dute indarkeria matxista Nafarroan, eta %20 gehiagok EAEn”, “Donostian, emakume bat atxiki eta sexu-erasoa egin diote sei gizonek”... 

Lan esparruan eta bereziki zaintza esparruan ere, egiturazko langabezia jasaten dugu emakume langileok. Enpresariek haien poltsikoak betetzeko baliatzen dute gure kontrako esplotazioa: 

“6 hilabetez soldata ez ordaintzea salatu dute Correoseko garbitzaileek”, “mobilizaioekin jarraitzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatutako garbitzaileek”, “bost eguneko grebari ekin diote Andoaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek”, “greban daude Gipuzkoako egoitzetako langileak”, “lan-baldintzak hobetzeko exijitu dute Zumaiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek”, “Elorrioko garbiketa enpresako emakume langileek udala salatu dute, greba eskubidea urratu izanagatik”... 

Gizartean, bitartean, ideia erreakzionario eta matxistak zabaltzen ari dira. Geroz eta pertsona gehiagok ezeztatzen dute indarkeria matxista, horietatik gehienak gazteak dira. Horrekin batera, geroz eta jende gehiagok ukatzen du emakume langilea bigarren mailako subjektua dela. Errealitate honek zuzenean zapalkuntzaren normalizazioa dakar. Instituzio eta alderdi profesionalek, bitartean, ez diete emakume langileon interesei erantzuten. 

Ezintasun politiko honen aurrean, emakume langileon interesak bermatuko dituen indar politiko independientea garatzea beharrezkoa da. Horretarako, zapalkuntzarik egongo ez den gizarte batera begira lan egin behar dugu, hau da, sozialismoa eraikitzera begira. Itaiatik, bide horretan lanean jarraituko dugu. 

Batu mobilizaziora: 

Martxoak 8 
18:30 
Zarautz, Udaletxeko Plazan 

Emakume langileok borrokara! Sozialismoa eraiki!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide