Parisek antolatuko dituen Joko Olinpikoetarako azken txartelak emango dituen Munduko Surf Txapelketa ari dira jokatzen egunotan Puerto Ricon. Tahitiko (Polinesia Frantsesa) Teahupoo uharrian jokatuko dute Olinpiar Jokoetako Surf Txapelketa uztailaren 27tik 30era eta eskualdeko surflariei dagokionez, Nadia Erostarbe surflari zarauztarra han izango da; izan ere, dagoeneko ziurtatu du txartela. Atzo lortu zuen Puerto Ricoko txapelketan.
Zortzi surflari onenen artean sailkatu da zarauztarra orain arteko lau kanporaketak gainditu ondoren, eta, Munduko Txapelketak han aritzeko zazpi txartel banatuko dituenez eta harekin batera txapelketako fase erabakigarrira heldu diren surflari onenen artean bik jada Parisko plaza ziurtatuta zutenez, Erostarbek ere bermatu du berea.
Hori horrela, oraindik badira Olinpiar Jokoetarako pasea emango duten izenik gabeko txartelak, eta, ondorioz, Janire Gonzalez Etxebarri zumaiarrak badu berea lortzeko aukerak, nahiz eta zaila izan. Lehenengo kanporaketan kaleratu zuten zumaiarra, baina txapelketan aurrera egiten jarraitzea lortu du bigarren aukerako bost kanporaketa gaindituta. Hala ere, bide luzea du aurretik oraindik, esan bezala, beste bost kanporaketa gainditu beharko lituzkeelako finalera sailkatzeko.