Igoerako play offari ekingo dio Kbi A taldeak

Juan Luis Romatet 2024ko martxoaren 4a

Fermin Lauroba kapitaina, azken jardunaldiko une batean. (Kbi xake kluba)

Lau eta huts emaitzarekin irabazi zion lehen mailako taldeak Zarautz B-ri. Bigarren mailako taldeak galdu egin du eta hirugarrengokoak berdindu. Jardunaldi honekin amaiera eman diote liga erregularrari.

Kbi xake klubeko lehen mailako taldeak beste garaipen bat lortu nahi zuen multzoko lidergia ziurtatzeko. Are eta gehiago aurreko bi jardunaldietan irabazi gabe geratu ondoren. Pasa den larunbatean jokatutako Gipuzkoako ligako zazpigarren jardunaldian Zarautz B taldea hartu zuen Hogarrean, eta aise irabazi zuen, 4-0 emaitzarekin. Fermin Laurobak, Xabier Aranzabalek, Oier Sarasketak eta Amine Benabdallahk jokatu zuten jardunaldi honetan Zumaiako klubarekin.

Jardunaldi honekin eman diote amaiera liga erregularrari. Fasea lider gisa bukatu dute zumaiarrek, eta hurrengo jardunalditik aurrera igoerako play offari ekingo diote. Datorren larunbatean Gros G taldea hartuko dute Zumaian.

Aurrekoa ez da jardunaldi ona izan bigarren mailako Kbi B taldearentzako. Mutrikun jokatu zuten larunbatean zumaiarrek Txaturanga taldearen aurka eta 3-1 emaitzarekin galdu zuten. David Rodriguezek, Oscar Aizpuruak, Iñaki Arrietak eta Antonio Jose Martinek jokatu dute asteburu honetan.

Ligaxkako fasea amaituta, zazpigarren postuan bukatu dute zumaiarrek eta jaitsiera saihesteko faseari ekingo diote. Datorren larunbatean Salto Bidasoa D taldearen aurka jokatuko dute etxetik kanpo.

Hirugarren mailako Kbi C taldeak, berriz, bina berdindu zuen Hondarribian, Hondarribia-Marlaxka D taldearen aurka. Julio Hernan Andrade, Endika Ruiz, Alaitz Irigoien eta Andoni Harys Palawo aritu ziren zumaiarren izenean jardunaldi honetan.

Datorren jardunaldian ere etxetik kanpo jokatuko dute, ligako zortzigarren jardunaldian, Andoainen, Agustin de Leiza B taldearen aurka.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide