Donostian egiten ari diren metro edo topo berriaren lanak aurrera egin ahala, Amarako geltokia eraitsi egingo dituzte, baita gune hartan aurkitzen zen trenbide sarea desagertu ere. Donostiako geltokian egoten diren tren unitateentzako kokaleku berri bat aurkitu nahian, bi aukera desberdin izan zituzten esku artean: Donostiako Altza auzoan edota Zumaian. Bi guneek abantailak eta desabantailak zituztela ikusi zuten. Azkenean, Zumaian behin betiko kotxetegiak eraikitzea eta inguruan aldagelak jartzea dela aldi baterakoak ez diren aukeretan merkeena ondorioztatu dute.
Zumaian tren-biltegi bat eraikitzeko proiektu honen helburu nagusia egungo zabalgunean jarriko diren tren-kotxetegiak eraikitzea dela irakurri daiteke otsailaren 27ko Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian. Gune hau Euskotrenen kotxetegi eta autobus-tailerren multzoaren parean kokatuko litzateke "Donostiako nasen amaieraren eta Basusta Bidea kalearen artean". Trenbide-zerbitzuaren ustiapenarekin lotutako langileentzako egoitza bat eta aparkaleku bat ere gaitu beharko dela jasotzen du aldizkariak, "tren-biltegiaren ondoan agenteen eraikin bat eraikiz".
Gaineratzen denez, trenbide-zabaltza berri bat eratuko dute, "trenbide nagusitik tren-biltegi berriko bost kaleetako bakoitzera iristeko aukera emango duten desbideratze berriak txertatuz". Biltegiaren eta Zumaiako tren geltokiaren hegoaldeko nasaren artean 80 metro luze izango duen maniobrarako trenbide bat ere eratu beharko dute.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, 9.922.538,20 eurokoa izango dela azaldu du Garraio Sailak, eta obrak egiteko epea hogei hilabetekoa izango dela ere aurreikusi dute.