Bazkide egiteko aukera zabaldu dute Eguteran

Juan Luis Romatet 2024ko mar. 5a, 12:18

Eguterako sustatzaileak eta bazkideak, Kofradiako plazan. (Zumaiako Udala)

Eguzki plaken parkea eraikitzeko lanei hilabete gutxi barru ekingo dietela azaldu du Zumaiako Udalak. Eguteraren inguruko informazio saio irekia egingo dute datorren asteartean, hilaren 12an.

2021eko urrian sortu zuten Egutera energia kooperatiba, eta 2022 ekainean aurkeztu zuten Aita Mari aretoan egin zuten aurkezpen ekitaldian. Ordutik, barne lanak egin dituzte eta datozen hilabeteotan emango dituzte pausoak Egutera errealitate bihurtzeko. Behin abiatuko dutenean, kooperatibako bazkideek energia trantsiziora bidean "aldaketaren parte izateko, eta hileroko elektrizitate-fakturan aurrezteko aukera" azpimarratu dute sustatzaileek.

Mondragon taldeko Krean ingeniaritzak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE-EVE) sustatutako Ekiola egitasmoak Egutera kooperatibaren forma hartu du. Proiektuak sustatzaile eta bazkide laguntzaile ugari ditu eta horien artean dira Zumaiako eta Aizarnazabalgo udalak, Gertu merkatari elkartea, Zumaiako Herri Eskola eta Zumaiena ikastetxea. Lehenengo bazkide eratzaileak dagoeneko badituela ere azaldu dute sustatzaileek.

Egutera energia kooperatiba eratzeko pausoak emango dituzte datozen hilabeteotan. Hasteko, Zumaiako Udalak jakitera eman duenez, kooperatibak Oikia parean hektarea bateko eguzki-plaken instalazio bat eraikiko du kooperatibak. Han sortuko den energiarekin 600 etxebizitzaren kontsumoa asetzeko gai izango direla ere aurreikusten dute.

Eguterako bazkideak inguratzeko kanpaina ere martxan jarriko dute etorkizun hurbil batean. Horretarako, informazio saio irekia egingo dute datorren asteartean, hilaren 12an, 19:00etan Aita Mari aretoan. Horrekin batera, harrera bulegoa ere zabalduko dute martxoan zehar Kofradian. "Webgune bat ere zabalduko dute, kooperatibaren inguruko informazio guztiarekin, ohiko galderekin eta bestelako informazioarekin. Bazkide egiteko tramitea aurrez aurre zein webgunearen bidez egin ahal izango dute herritarrek", informatu du udalak.

Kooperatibako bazkide izateko herritarrek hasierako diru-ekarpen bat egin beharko dute, haien kontsumo elektrikoaren araberakoa. Ondoren, bazkideek 29€/MWh ordainduko dute elektrizitatea (karguak, zergak eta ordainsariak kanpo). Kooperatibako sustatzaileen arabera, "merkatuko bataz besteko prezio historikoa eta gaur egungo prezioa baino nabarmen baxuagoa. Gainera, bazkideek sortze-kostuan eta prezio finkoan kontsumituko dute egunerokoan behar duten energia". Bazkide izateko aukera zumaiarrei bakarrik ez, aizarnazabaldarrei ere zabalduko zaiela iragarri dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide