Etxebizitza ereduaz hausnartuko dute 'Zumaian zaintza zaintzen' prozesuaren fase berrian

Onintza Lete Arrieta 2024ko martxoaren 6a

Zumaiako etxebizitza batzuk.

Bihar bertan egingo dute aurreneko bilera, eta gaian interesa duten herritar guztiak parte hartzera gonbidatu ditu Prebentzio Mahaiak.

Zumaiako Prebentzio Mahaiak eta udalak iaz abiatu zuten prozesu bat zaintzari buruzkoa, Zumaian zaintza zaintzen izena duena,  "herrian zaintzaren eta zaintza lanen sistema birpentsatzearen eta berregituratzearen garrantziari buruzko kontzientzia gero eta handiagoari erantzunez". Prozesuaren helburua da zaintza sistema berrikustea eta berpentsatzea, gizartearen beharrei eraginkortasunez aurre egiteko eta ikuspegi inklusiboagoa eta ekitatiboagoa izango duen eredua sortzen hasteko. Iaz diagnostikoa eta ekintza plana egin zuten 2023-2027 agintaldirako, eta orain, beste fase bati ekingo diote, gai zehatz bat mahai gainera ekarrita: etxebizitza eredua.

Aurreneko saioa edo bilera bihar bertan egingo du gaiaz arduratzen ari den Prebentzio Mahaiak, eta gaian interesa duten herritar guztiak parte hartzera animatu ditu. Bilera goizez izango da, 09:00etatik 12:00etara, ludotekan. Udalak jakinarazi duenez, aurrena hainbat esperientzia positibo aurkeztuko dituzte, eta ondoren, udalak martxan dituen proiektuak aurkeztuko dituzte. Jarraian, hausnarketa kolektiboa egingo dute, ideia zaparradaren bidez Zumaian martxan jar daitezkeen egitasmo edo ekintzak pentsatzeko.

Biharko saioan edo prozesuan parte hartzeko interesa dutenek Prebentzio Mahaiarekin harremanetan jarri behar dute gizartelangilea@zumaia.eus helbidera mezua bidalita.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide