Iñaki Ostolaza: "Energia berriztagarriak sortu behar dira, bestela alferrik gabiltza"

Juan Luis Romatet - Gorka Eizagirre 2024ko mar. 7a, 11:00

Zumaiako eta Aizarnazabalgo udalek bi herrietako eragile batzuekin batera jarri dute martxan Egutera energia kooperatiba. Bazkideak lortzeko kanpaina abiatuko dute orain. Bilera irekia egingo dute datorren asteartean, hilaren 12an, Aita Mari zinema aretoan. Horren guztiaren inguruan hitz egin du Iñaki Ostolaza (Zumaia, 1968) Zumaiako alkateak.

Egutera 2021eko udazkenean sortu zenuten, eta 2022ko udan aurkeztu jendaurrean. Ordutik urte eta erdi igaro da, eta justu orain berrindartu duzue.

Berrindartu baino gehiago, epeak pasatu dira. Atzerapenarekin dator proiektua. Azken finean, proiektu hauek ere finantzazioa behar izaten dute, eta, beraz, diru laguntzetara aurkeztu genuen Egutera. Bidean, denbora dezente pasatu da. Finantziazioa lortu dugunean abiatu da berriz, eta aurrera egin dugu.

Zer helbururekin sortu zenuten Egutera?

Lehenengo helburua energia sortzea da, argindarra sortzea modu jasangarri batean; azken finean, eguzkia erabiliko da horretarako. Egutera energia kooperatiba bat izango da, eta hori ere garrantzitsua da, kooperatibako jabeak kontsumitzaileak izango direlako, ez enpresa bat. Hori da helburua.

Badaude beste energia kooperatiba batzuk. Zumaian bertan Piztu energia kooperatiba dago, eta beste herri askotan ere badira. Eguterak ba al du antzekotasunik beste energia kooperatibaren batekin?

Energia kooperatibak irabazi asmorik gabeko kooperatibak dira. Pizturen kasuan, beste talde batek sortu duen beste energia edo kontsumo kooperatiba bat da, eta bere bidea egiten ari da. Modalitate ezberdinetako kooperatibak daude beste herrietan. Denak dira zilegi, eta denak dira beharrezkoak. Hemen behar-beharrezkoa dena da halako pausoak ematea eta energia berriztagarria sortzea. Bestela, alferrik gabiltza.

Energia erosi egiten duten beste kooperatiba edo talde batzuekin alderatuta, desberdintasuna izan daiteke Egutera energia sortzeko asmoarekin sortu zenutela.

Kooperatiba batzuk badaude energia komertzializatzen dutenak, eta gero daude beste kooperatiba batzuk, gurea bezalakoak, energia ekoiztu eta kontsumitzen dutenak: sortzen den energia bazkideek beraiek kontsumitzen dute. Hori da desberdintasuna, eta, nik uste, bultzatu behar dena.

Energia sortu nahi bada, gune bat beharko da. Non kokatuko da Eguteraren gune hori?

Gune horrek hektarea bateko azalera izango du gutxi gorabehera; 1,2 hektarea, agian, eta Oikiako zelai batean kokatuko da. Bost hektareako zelaia da, eta haren zati bat okupatuko du. Siemens [Guascor Energy] enpresaren atzealdean dago kokatuta. Berez, baimen guztiak emanda daude, eta jarduera baimena ere emanda dago, obra baimena ere bai, eta pentsatzen dut laster hasiko direla obrak, hau da, aurki hasiko direla parkea muntatzen. Eguzki plakez osatutako parkea izango da, gutxi gorabehera megawatt bat energia inguru sortuko duena.

Parke horretan sortzen den energia zumaiarrentzako bakarrik izango da, edo beste herri edo auzoetako bizilagunek ere izango dute horretaz baliatzeko aukera?

Printzipioz, Zumaiako eta Aizarnazabalgo udalek bultzatu dugu proiektua, eta bi udalerri horietako edozein bizilaguni zabalduko zaio aukera. Helburua da etxebizitza kopuru batera heltzea: 600 bat bazkide beharko genituzke dena estalita egoteko. Ez bagara heltzen, orduan bai, inguruko beste herri batzuetara zabaltzeko aukera aztertu ahal izango dugu.

Bazkideak lortzeko kanpaina bat abiatuko duzue, ezta?

Bai. Laster zabalduko dugu bulego bat, eta kanpaina ere martxan jarriko dugu. Espero dugu bulegoa egun gutxi barru irekitzea eta kanpaina ere datorren astean bertan martxan jartzea. Kooperatiba etxebizitzetarako dago diseinatuta, baina baita merkataritzarako eta ostalaritzarako ere; hau da, taberna eta jatetxeentzako. Horiek kontsumo handiagoa izaten dute, eta zati handiagoa erosi beharko dute. Ikusten dugu, hala ere, zenbat eta gehiago erosi, errentagarriagoa izan daitekeela.

Zer egin behar du bizilagun batek Eguterako bazkide egiteko? Diru kopuru bat jarri beharko luke?

Baldintza da energia kontsumo bat izatea eta zeure eguzki plaka erostea. Hasiera batean inbertsio bat egin beharko luke, eta gero, urteekin inbertsio hori amortizatuko litzateke, eskainiko den argindarraren prezioa gaur egun dagoena baino askoz merkeagoa delako.

Aipatutako bazkide kopuru horretara helduko ez bazinate ere, kooperatibak martxan jarraituko luke?

Bai. Hori da ziurtatzea kostatu den puntu bat. Horregatik eman dugu orain pauso hau eta ez lehenago, ziurtasun hori ez genuelako, finantziazio hori falta zelako. Finantziazio hori lotu dugunez, inbertsioa egin ahal izango dugu. 600 bazkide horiek lortzen baditugu, finantziazioa autofinantziazioa bihurtuko da. Bestela, lortzen ez bada, kanpotik finantzatuko da, eta behin jende berria sartzean, haiek erretiratzen joango dira.

600 bazkide baino gehiago lortuko balira, aurreikusten duzue parkea bera handitzea?

Printzipioz, ez da aurreikusten. Eguteraren helburua ez da azalera handiko parke bat egitea, hainbat proiektu martxan jartzea baizik. Garrantzitsuena da kooperatiba martxan dagoela eta lehendabiziko proiektua aurrera doala. Hori osatzen denean, kooperatibistek beraiek erabakiko dute zer egin; kanpoan gaudenok ez, kooperatibistek beraiek hartuko dute kooperatibaren kontrola. Eurek erabakiko dute zer pauso eman nahi dituzten aurrerantzean.

Udalez gain, merkatari elkartea eta ikastetxeak ere Eguterako parte dira. Eragile horien babesa izatea garrantzitsua izango da, ezta?

Bai. Azken finean, bazkide kopuru horretara heltzeko asko lagunduko dute merkatariek eta ostalariek. Beraiek kontsumo handiagoa daukate, eta lehenago helduko ginateke kopuru horietara. Beharrezkoa da, eta, nik uste, beraientzat ere ona dela. Ez da soilik ikuspuntu ekonomiko batetik begiratu behar proiektua, beste ikuspuntu batzuk ere kontuan hartu behar dira. Larrialdi klimatikoaren aurrean pausoak eman behar dira; subiranotasun energetikoaren aldetik ere pausoak eman behar dira, eta hau da eman daitekeen pauso handienetako bat.

Aurreikusi duzue noiz egongo den martxan eguzki plaken parkea? Noiz izango du Eguterako bazkide batek entxufea sartu eta parke horretan sortzen den energiaz baliatzeko aukera?

Hori asko esatea da! Aurreikusten dute datorren asteetan hasiko direla obrak. Ez dakit zenbat denbora beharko duten halako planta bat martxan jartzeko, baina pentsatu nahi dut urtebete baino gutxiagoan martxan egongo dela.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide