Zumaiako Udalak udal adierazpena kaleratu du gaur, Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.I. Idatzian zazpi puntu onartu dituzte, baina aurrez, erabaki horien testuingurua luze eta zabal kontatu dute testu honetan.
Besteak beste, komunitatearen garrantzia azpimarratu dute testu horretan: "Garrantzia eman behar diogu publiko eta komunitarioaren arteko harremanei, elkarrekin sortzen diren bidegurutze berri eta ardura partekatuei. Ezin dugu ahaztu komunitatea ez dela norbanakoen batuketa soil bat, lurralde batean bizi diren eta menderakuntza sistemak sortzen dituzten eta bizi dituzten izaki taldeen multzoa baizik. Komuna kudeatzeko erantzunkidetasuna behar dugu, beraz, eta horretarako argi izan behar dugu politika bizitzaren eremu guztietan artikulatzen dela".
Horregatik, "zeharkakotasun erradikal bat martxan jarri behar da" udalaren arabera. "Hau da, estruktura estankoak apurtu behar ditugu eta sail ezberdinen artean proiektu konpartituak eraiki eta kudeatu behar ditugu".
Azpimarratu du "beharrizan nabarmen eta erronka handi hauen aurrean", Zumaiak "dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu" behar duela, "erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa eta elkarrizketa guneak bultzatu eta indartuz".
Horregatik guztiagatik, Zumaiako Udalak honako hau erabaki du:
- Mugimendu Feministarekin batera Herri Akordioarekin bat egin eta landutako puntuak espazio partekatuetan aurrera eramatea, Zaintza mahaietan, besteak beste.
- Berdintasun zein Barne Planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea.
- Mugimendu Feministak herrian bultzatuko duen dinamikarekin bat egitea eta Martxoaren 8ko deialdiak babestea, herritarrei bertaratzeko deia eginez.
- Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egindako eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea.
- Emakumeen tokiko memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea, genealogia sortzeko, hurbileko erreferenteetatik hasi eta talde feministetaraino.
- Emakumeen gizarte-ikusgarritasuna sustatzea, batez ere adineko emakumeena, aniztasun osoan, eta edadismoari aurre egitea, gizartean emakumeen zahartzaroari buruz nagusi den irudia, adinean eta estereotipo intersekzionalizetan oinarritutakoa, gaindituz.
- Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista non eta nola erabiltzen den ikertzea eta horren inguruan sakontzea, emakume horien errealitatera eta beharretara egokitutako erantzunak artikulatzeko.