Hilaren 14an abiatu zen 23. Korrika Irundik eta datorren igandean, hilaren 24an, bukatuko du bidea Baionan. Euskararen aldeko martxa erraldoia gaur gauean pasa da Zumaiatik. Oriotik sartu da eskualdean, eta Zarautz eta Getaria pasatu ondoren, gaueko ordu biak pasatuta heldu da Zumaiara.
Gehienentzako lotan egoteko ordua izango zen, baina gaurkoan askok eta askok ez dute ekintza honetan parte hartzeko aukera galdu nahi izan. Hala, kirol elkarteetako, alderdi politikoetako edota eragile desberdinetako kideek eraman dute Korrikaren lekukoa herrian zehar. Etxezarreta kalea, Txomin Agirre kaia, Erribera kalea, Axular ibiltokia... kale hauek igaro ditu Korrikak, lekukoa aurretik eta multzo handi bat atzetik, ilusioz beteta, euskarari bultzada emanaz. Hirigunea utzi ondoren, Beduatik barrena, Oikiara heldu da martxa, eta haiek pasatu diete lekukoa Aizarnazabalgo bizilagunei.
Aurretik, arratsalde partean, giroa berotzeko ekintzak izan dira herrian. Hamarru elektrotxarangak jarri du musika, eta izan da pintxoren bat edo beste jateko aukera ere Kofradia inguruan.