1. The Jam: Town Called Malice
Haurtzarora eramaten nauen kanta da hau. Paul Weller aitaren abeslari gogokoena da eta txikitatik gozatu ditugu The Jam taldearen doinuak autoan. Kanta hau da taldearen abestirik ezagunena eta horregatik iruditu zait aukeratzeko egokiena. Kanta bizia eta alaia da, baxuaren lehen notetatik harrapatzen zaituena.
2. Arctic Monkeys: A Certain Romance
Nire talde gustokoena da Arctic Monkeys eta hauxe iruditzen zait beraien kanta biribilena. Bateria erritmo azkarrak, baxu indartsua eta gitarra doinu triste zein alaiak biltzen ditu. Kanta etengabe aldatzen doa, lasai hasten da eta indar handiz amaitzen da. Oso berezia da eta asko transmititzen dit.
3. Rage Against the Machine: Know Your Enemy
Musikalki gehien influentziatu nauen taldeetako bat da Rage. Hainbat kantu itzel ditu talde honek. Ezagunena Killing in the name izan arren, asko gustatzen zaidan beste kanta bat aukeratu dut: taldearen lehen diskako Know Your Enemy. Kanta gogorra eta indartsua da, eta bere letra iraultzaileek sekulako gaurkotasuna izaten jarraitzen dute.
4. Radiohead: Paranoid Android
Entzun nuen lehen aldian hitzik gabe utzi ninduen abesti honek. Hasierako gitarra arpegioak, erritmo-aldaketak, riff-a, soloa… Kanta arraroa da, baina oso originala, paregabea. Jools Holland-en zuzeneko saioan egindako bertsioa aukeratu dut bereziki, oraindik eta gehiago txunditzen bainau talde bat zuzenean horrelako zerbait egiteko gai izateak. Maisulana.
5. Lukiek: Pitagoras
Euskal musika eszenara indar eta freskotasun handia ekarri duen taldea da Lukiek. Abesti hau sinplea baina oso eraginkorra da, eta, musikaz haratago, kontzertuetan lagunartean pasatako momentu onak ekartzen dizkit gogora.