Donostiarako trenen maiztasuna handituko duen 1.329 metroko tunela eraikiko dute

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 27a, 14:30

Aia-Orioko eta eta Usurbilgo tren geltokien arteko ibilbidea laburtzeko ETSk egin asmo dituen lanen planoa. (ETS)

Egun Aginaga mendia inguratzen du trenaren ibilbideak Aia-Orioko eta Usurbilgo geltokien artean, eta etorkizunean hura zeharkatzea da helburua. Euskal Trenbide Sareak gaur atera du proiektua lizitaziora 32 milioi euroan.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen ETS Euskal Trenbide Sareak jakinarazi du lizitaziora atera duela Orio eta Usurbil artean trenbide-saihesbidea eraikitzeko proiektua. Zehaztu duenez, kilometrotik gorako tunela eraikiko dute Bilbo eta Donostia arteko linea laburtzeko; izan ere, obrak amaitutakoan Aginagako mendia zeharkatuko du trenbideak eta ez inguratu gaur egun egiten duen bezala. ETSk nabarmendu du, gainera, Zumaia eta Donostia arteko trenen maiztasuna handitzea ahalbidetuko du, aldi berean.

Lizitazioaren nondik norakoak ere azaldu dutu ETSk. Hori horrela, argitu du 32 milioi eurokoa izango dela aurrekontua  –BEZik gabe– eta 40 hilabetekoa egikaritze-epea.

Egin beharreko lanei lotuta, berriz, zehaztu du 1.329 metroko trenbide bikoitzeko meategi-tunel bat eraikitzean oinarrituko direla, esan bezala. Halaber, azaldu du bi muturretan tunel faltsuko egiturak proiektatu direla, obra ingurunean integratzeko. Bilborako noranzkoan 24 metroko luzera izango duen soluzioa diseinatu dute, eta beste aldean, Donostiakoan, 30 metro izango ditu. Horrez gain, 371 metro luzeko larrialdietarako galeria izango du tunelak.

Trenbidearen trazadura berriak ibilbidea 1.500 metro inguru murriztuko duenez, horrek eragingo du Aia-Orioko eta Usurbilgo geltokien arteko bidaia bi minutu azkarragoa izatea –bederatzi minutukoa da gaur egun–. Gainera, tunel osoan trenbidea bikoiztuko dutenez, trenak gurutzatu ahal izango dira, eta, horrek ahalbidetuko du, trenbidearen zerbitzu-ahalmena eta maiztasuna handitzea, esan bezala. Hala, trenak ordu erdiro abiatu beharrean, ordu laurdenero egin ahal izango dute bi noranzkoetan.

"Erosoagoa eta seguruagoa"

ETSk azpimarratu duenez, "trazadura-aldaketak ustiapenean ere ekarriko du hobekuntza"; izan ere, egungo ibilbidean zuhaitz eta ezponda ugari daudenez, "arazo asko" sortzen ditu eguraldiak. Horregatik, "baso-eremu hori uztean, txikiagoa izango da eragina azpiegituran". Horrek, era berean, mantentze-lanak murriztea ekarriko duela diote. Hori horrela, "bidaiarien erosotasun- eta segurtasun-baldintzak optimizatzen lagunduko" duela dio erakunde publikoak.

Halaber, jakinarazi du hitzarmena sinatu duela Usurbilgo Udalarekin Aginagako tunela egin aurretik, obretarako sarbide nagusia den Oria ibaiaren gaineko Txokoaldeko zubia birgaitzeko. Igarobidea 60 urte baino gehiago dituzten harlangaitzezko zutabeek eta lauza motako hormigoizko habeek osatzen dute. Hartutako soluzioa egungo taularen zeharkako sekzioa handitzean oinarrituko da, trenbideak 3,80 metroko zabalera izan dezan, eta espaloiak 2 metrokoa, galtzadaren eta oinezkoentzako gunearen arteko elementu bereizleekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide