Sinadura bilketa hasi dute Foruen plazan kendu dituzten aparkalekuen harira

Jabi Gonzalez Toston 2024ko mar. 29a, 09:00

Hesiak eta bankuak jarrita Foruen plazan kendu dituzten aparkalekuak. (Jabi Gonzalez Toston)

Alde Zaharreko bizilagunena izan da ekimena eta udalarekin biltzea eskatzen dute gaia "aurrez aurre" eztabaidatzeko, eta, "erabakiaren arrazoiak, etorkizunerako asmoak eta arazoa konpontzeko proposamenak" ezagutzeko.

Zumaiako Alde Zaharreko hainbat bizilagun kexu agertu dira udalak Foruen plazaren inguruan zeuden hamabi aparkaleku kendu dituelako "aldez aurretik abisatu gabe". Azaldu dutenez, "egun batetik bestera obrak zirela eta ibilgailuak kendu arazi ondoren, aparkatzea eragozten duten hesiak jarri dituzte". Horren aurrean, sinadura bilketa abiatu dute Arkupe okindegian eta Goiko estankoan Zumaiako Udalari bilera eskatzeko. Diotenez, "gaia aurrez aurre eztabaidatu nahi" dute, eta, "erabakiaren arrazoiak, arazoa konpontzeko proposamenak eta auzoaren etorkizunari buruz dituzten asmoak ezagutu".

Azken horren harira, Alde Zaharreko bizilagunek adierazi dute "beldur" direla, Foruen plazako aparkalekuak kentzea ez ote den "lehen urratsa Alde Zahar osoa oinezkoentzako bihurtzeko eta ibilgailu partikularrei kale horietara sartzea eragozteko". Zentzu horretan, udalari galdegin diote ea Alde Zaharra hustu nahi ote duen "pisu turistikoz betetzeko"; izan ere, ez dakite nola gerturatu ahalko dituzten etxera "pisuzko gauzak" edota "pertsona nagusiak eta mendekotasuna dutenak" kaleak oinezkoentzako soilik badira.

Kendu dituzten aparkalekuei lotuta, bestalde, bizilagunek adierazi dute jada larria zen egoera are gehiago okertu dela, aurrez ere "oso gauza zaila" zelako alde zaharrean aparkatzea. Halaber, diote enkarguak egitera autoz gerturatzen diren askok "kale erdian edo pasabidea duten garajeetan" ari direla ibilgailuak uzten, eta, horrek hainbat arazo sortu dituela. Horrez gain, uste dute inguruko kaleetako bizilagunengan ere izango duela eragina "Foruen plazako aparkalekuak kentzean autoa bertan uzten zuten bizilagunek gertuko kaleetara joko dute, eta, ondorioz kale horietako bizilagunentzat ere zailagoa izango da aparkatzea. Gainera, haiek ere aparkaleku gutxi dituzte gaur egun".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide