Harmaila beteak, giro ederra eta animoak izan ziren nagusi atzo Aitzurin. Izan ere, Zumaiako pilotalekuak Master Series zesta punta txapelketako finalerdiak hartu zituen atzo, eta elkarren aurka aritu ziren bi bertako: Cosme Agirre Unai Lekerika gernikarrarekin, batetik; eta Unai Uranga Aritz Erkiagarekin, bestalde.
Agirre-Lekerika bikotea izan zen garaile lehen setean, 13-15 eginda, baina Uranga-Erkiagak mendean hartu zituzten hurrengo bietan, 15-12 eta 5-3 eginda. Hala, San Telmo Egunez, apirilaren 8an jokatuko den finalerako sailkatu dira Uranga eta Erkiaga.
Lehenago jokatu zuten finalerdian, berriz, Urreisti eta Manci suertatu ziren garaile, eta beraz, horien aurka izango dute norgehiagoka Urangak eta Erkiagak apirilaren 8ko finalean, San Telmo Egunean.
Johan eta Del Rio nagusitasunez hasi baziren ere, Urreisti-Manci bikoteak markagailua irauli zuen lehen setean. Joera berari eutsi zioten partida guztian zehar, eta 2 set eta 0 eskuratu zuten garaipena Urreistik eta Mancik.
Finala baino lehen, emakumeen desafioa
Apirilaren 8ko finala baino lehen, emakumezkoen desafioa hartuko du Aitzurik, eta bertan izango da Frida Watkins zumaiarra. Erikarekin arituko da, hain zuzen, Elaia eta Maialenen aurka.
Finalerako sarrerak dagoeneko eros daitezke online, helbide honetan.