San Telmo eguna da bihar, eta gaur, bezperan, danborrek hartu dute herria. Eguerdian umeen danborrada ibili da kalerik kale, eta urteroko ibilbidea egin duten arren, berezitasun polita izan du aurtengo kalejirak: udalak eta herritarrek omendu egin dituzte, izan ere, haurren danborrada 34 urtez antolatu dutenak. Jakintza taldeak egin du hori aurten arte, eta egindako lan guztia eskertu nahi izan diete danborrada Kofradia parera iritsi denean. Iñaki Ostolazak esker hitzak eduki ditu Jakintzaren izenean bertaratu direnentzat eta baita bertan ez zeuden taldekideentzat ere, eta oroigarria eman die. Umeek, berriz, pieza bat joz egin diete aitortza.
Gauean ere entzungo dira danbor doinuak, 22:00 aldera hasiko baita helduen danborrada. Ohi bezala, ibilbidean San Telmo kaletik pasatuko dira, eta Kofradia aurrean amaituko dute saioa, gauerdian, bandera igoko baitu orduan aurtengo omenduak: Pello Etxabe arrantzale ohiak.