Santelmoetako helduen danborradak eta banderaren igoerak alaitu zuten atzoko gaua Zumaian. 22:15ean atera ziren danborjoleak Sagarbidetik, eta erdigunean buelta egin eta San Telmo kalean ohiko geldialdia eginda, gauerdirako minutu batzuen faltan iritsi ziren Erribera kalera.
Eguraldia lagun, jendetza zuten zain han, eta ordurako Kofradian zapia eta txapela jantziak zituen aurtengo omenduak: Pello Etxabek. Hark igo zuen bandera, bilobak ondoan zituela. Umoretsu egin zuen, dantzan ere bai, santelmoetako une politenetakoa biziz. Izan ere, hunkigarria izan ohi da banderaren igoeraren momentu hori.
Musika Bandaren laguntzarekin, danborjoleak elegante aritu ziren, eta herritarrek ere kantuan jardun zuten, baita aldakak astinduz ere, danbor hotsen erritmora. 00:30 ingurura arte aritu ziren Kofradia parean danborrak eta barrikak astinduz, herritarren gozamenerako.
Honakoa da gaurko egitaraua:
Gaur, astelehena, San Telmo eguna:
- 10:15. Prozesioa, San Telmo ermitara.
- 10:30. Meza Nagusia.
- Ondoren, hamaiketakoa.
- 11:30. Umeentzat puzgarriak, Odietan.
- 12:30. Incansables txarangaren kalejira.
- 16:30. Umeentzat puzgarriak, Odietan.
- 18:00. Plaza dantzak, Kofradian.
- 18:30. Incansables txarangaren kalejira.
- 19:00. Profesionalen zesta punta finalak, Aitzuri pilotalekuan.
- 19:30. Lotxo taldearen dantzaldia, Kofradiako plazan.