Elkarte gastronomikoek ere bere lana egiten dute San Telmo jaietan. Hala, Itxas Gain elkartea arduratzen da txupinazoaren ondorengo hamaiketakoa antolatzeaz, eta mokadua ere ematen du, kale bereko Aita Marirekin batera, San Telmo egunean, prozesioaren ondoren. Salda, haragi eta txorizo egosia ez dira falta izaten egun horretan.
San Telmo bigarren egunean, berriz, olagarro zopa ematen dute beste bi elkartetan, Inpernupen eta Pulpon, hain zuzen. Ura, olagarro lehorra, ogia, tomatea eta sukaldariak beharrezkoak jotzen dituen beste osagaiak behar dira zopa bat egiteko, eta suabeagoa aterako da batzuetan, fuerteagoa besteetan, baina beti izango dira jaki hau gogotsu hartuko dutenak.