Amaitu dira San Telmo jaiak, aurtengoari dagokionez. Bi asteburu iraun dituzte, eta denbora honetan izan dute herritarrek zein bisitariek arrantzale kutsuko jai hauetan murgiltzeko makina bat aukera. Danborradak izan dira, baita olagarro zopa lehiaketak, herri kirol txapelketak, euskal dantzen erakustaldia edo kirol saio desberdinak. Ez da, ez, aspertzeko aukera handirik izan egun hauetan herrian.
Eta San Telmo martxaren laguntzarekin igo bazuten Kofradiako bandera, non eta Kofradiako balkoian, astebete beranduago doinu berearekin jaitsi zuten berde koloreko bandera jaiei amaiera emateko. Ohi bezala, jendetza bertaratu da Erribera kalera ekitaldia jarraitzera eta zapiak eskuan astintzen festei bukaera ematera.