Antzerkiaz gozatzeko aukera izango da bihar iluntzean Aita Mari aretoan. 20:00etan hasita, Masustondoen patioa antzezlana izango da Aita Mari aretoan. Sandra Ferrusek idatzi eta zuzendutako lana, Sara Cozar, Martxelo Rubio, Aizpea Goenaga, Dorleta Urretabizkaia eta Olatz Beobide ditu aktore lanetan.
Udaleko Kultura Sailak hiru sarrera bikoitz eman dizkio Baleike Gukari bere bazkideen artean zozkatzeko. Behin zozketa eginda, irabazleak Ainhoa Osa Arriola, Beñat Lizeaga Urkidi eta Aitor Ossa Rissanen izan dira. Zorionak. Sarrerak aretoko leihatilan izango dituzte zain.
Antzezlanerako sarrerak aurrez eros daitezke Turismo Bulegoan, sarrerakzumaia.eus webgunean edo, egunean bertan, aretoko leihatilan, 8,30 euroan; 5,80 euroan gazte txartelarekin.
Sinopsia
Isabelek hogei urte daramatza jaioterritik kilometro askotara bizitzen, familiatik, sustraietatik eta hazitokitik urrun. Ama, Amparo, gaixotu, eta Isabel etxera itzuliko da bere zaintzan laguntzeko, Candi ahizpak eta aitak arnasa hartzeko aukera izan dezaten, haiek baitira bertan bizi eta egunerokotasunaz arduratzen direnak. Bat-batean, etxea, usainak, soinuak, objektuak, argiak… Isabel eramango dute haurtzarora, nerabezarora, ametsetara, sustraietara, traumetara, sinesmenetara, ilusioetara, amodioetara… Oroitzapen fantastikoak, haurtzaroko oroitzapen guztiak bezala, izan zirenaren eta ustez izandakoaren artean nahasten direnak, nahiaren eta kontatutakoaren artekoak. Eta magia agertuko da, eta haurtxo batek negar egiten du amaren sabelean, itsu batek koloreak eta musika ikusiko ditu. Haurrak Dohainarekin jaioko dira, lehenengo maitasunak arropa garbiaren usaina du, ohitura txarrak ozpinarekin joaten dira, eta beti bezala, dena argiz eta itzalez betetzen da.
Oroitzapenak orainarekin lotzen dira, eta Isabelek inguru hori orain nolakoa den aurrez-aurre ikusiko du, alegia… bere gurasoak, ahizpak, bera, etxea, kalea, gaixotasuna, familia…