Zumaian 7.827 herritarrek eman ahalko dute boza igandean

Maria Maya Manterola eta Maialen Etxaniz 2024ko api. 19a, 10:35

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira etzi, eta iluntze partera jakingo da lehendakarigai bozkatuenaren izena. Denera 1.795.206 herritar daude deituta boza ematera.

Heldu da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina azken egunera. Igandean emango dute botoa herritarrek hauteslekuetan datozen lau urteetarako Legebiltzarra osatzeko, eta iluntze partera jakingo da lehendakarigai bozkatuenaren izena.

Hautesle erroldaren arabera, Urola Kosta eskualdean 58.264 herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea. Orotara, 1.795.206 herritar daude deituta igandean botoa ematera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Imanol Pradales da EAJren lehendakarigaia, Pello Otxandiano EH Bildurena, Eneko Andueza PSE-EErena, Miren Gorrotxategi Ahal Dugurena, Alba Garcia Sumar alderdiarena, eta Amaia Martin Voxena. Azken bi asteotan mitin, debate, ekitaldi eta abarretan herritarren botoak bereganatu nahian aritu dira guztiak ere; azken egunotan, gainera, agerikoagoa izan da alderdien arteko lehia.

Gipuzkoan, berriz, 11 alderdi aurkeztuko dira hauteskundeetara, 2020an baino lau gehiago: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE-EE, PP, Bidezko Mundurantz, Vox, Pacma, Aulki Zuriak (AZ) eta Izan.

Eskualdekoak zerrendakide

Alderdiek aurkeztu dituzten zerrendaburuak ez dira Urola Kostakoak, baina atzeragoko postuetan badira eskualdeko bizilagun batzuk. EAJren zerrendan, adibidez, hirugarrena da Maria Eugenia Arrizabalaga zumaiarra, eta bederatzigarrena Garikoitz Mendizabal zestoarra. Ane Gil azpeitiarra hamaikagarrena da, eta segidan jarraitzen dio Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak; hamaseigarren postuan ageri da Miren Letamendia zarauztarra, eta ordezkoetan da Irune Urbieta herrikidea.

EH Bilduren zerrendan ere badira eskualdeko herritarrak. Hain zuzen ere, hirugarrena da Itziar Murua zarauztarra, hemezortzigarrena Arritxu Iribar zumaiarra eta hogeigarrena Anuska Esnal Orioko alkatea. Joanes Amenabar azpeitiarra, berriz, ordezkoetan da.

Bestalde, PSE-EEren zerrendako hamabigarrena Inaxio Illarramendi zarauztarra da, eta hogeita batgarren postuan da Janire Igoa azkoitiarra.

Hauteslekuetan aldaketak

Eskualdeko herri guztietan mantendu egingo dituzte azken bozetako hauteslekuak, Zarautzen izan ezik. Udalak eman du aldaketaren berri: orain arte Orokieta Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako eraikineko frontoian (Araba kalea,56) bozkatu dutenek (2-3A, 2-3B, 2-4A, 2-4B eta 2-7C mahaiak) eskola bereko Haur Hezkuntzako eraikinean bozkatuko dute (Pagoeta kalea, 6). Bestalde, Salberdingo etxebizitza berrien eremuan bizi diren zarauztarrek boza eman dezaten, 2-12 mahaia sortu dute, eta mahai berri horren kokalekua Lizardi kirol aretoa izango da (Araba kalea, 18).

2020ko uztailaren 12an egin ziren Eusko Legebiltzarrerako azken bozak. Urola Kostan boto gehien EAJk lortu zituen: 14.673. Bigarren indarra, berriz, EH Bildu izan zen, 14.501 bozekin. Hirugarren bozkatuena PSE-EE izan zen, 2.165 botorekin. Elkarrekin-Podemos izan zen laugarren bozkatuena, 1.390 botorekin. Bosgarrenak, PPk, 648 boto bildu zituen. Parte hartzea %59,82koa izan zen, eta abstentzioa %40,18koa.

Etzi jakingo da nor den 2024ko lehendakarigai bozkatuena. Ez ordea, nahitaez, nor izango den agintaria: hautagaien balorazioek, analisiek eta gehiengoak lortzeko akordio proposamenek hartuko dituzte hedabideetako titularrak.

Hauteskunde egunean jarraipen berezia egingo du Urolako Komunikazio Taldeak bere webguneetan. Hain zuzen ere, parte hartze datuak emango ditu eguerdian eta arratsaldean, eta gauean herriz herriko emaitzak.

Haustele errolda herriz herri

  • Aia: 1.563
  • Aizarnazabal: 569
  • Azpeitia: 11.366
  • Azkoitia: 8.484
  • Beizama: 110
  • Errezil: 449
  • Getaria: 2.150
  • Orio: 4.550
  • Zarautz: 18.406
  • Zestoa: 2.790
  • Zumaia: 7.827

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide