Boza ematera deituta dauden zumaiarren %32k eman dute botoa eguerdirako

Maria Maya Manterola 2024ko api. 21a, 14:30

Herritarrak botoa ematen, goizean, Aitzuri pilotalekuko hauteslekuan. (Maria Maya Manterola)

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izaten ari den lehen parte hartze datuen berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Datu horien arabera, Zumaian boza ematera deituta dauden herritarren %32,37k eman dute botoa hauteslekuak zabaldu direnetik 13:00ak bitarte.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak dira gaur, eta 09:00etatik botoa ematen ari dira herritarrak. Eguerdiko 13:00ak arteko parte hartze datuak eman ditu Eusko Jaurlaritzak: Zumaian, parte hartzea % 32,37koa izan da lehen orduetan. 

Gipuzkoan botoa emateko eskubidea dutenen %30,02k bozkatu dute. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan %15,48koa izan zen parte hartzea eguerdian, ia erdia. Kontuan hartzekoa da, ordea, duela lau urteko hauteskundeetan ordubete lehenago eman zituztela lehen parte hartze datuak, eta baita posta bidezko botoaren portzentajea ohi baino altuagoa izan zela ere, pandemiaren eraginez.

Lurralde guztietan egin du gora parte hartzeak: %25,93ko parte hartzea izan da Araban; %13,92koa 2020an. Bizkaian, berriz, %27,43k eman du botoa eguerdirako, eta parte hartze datua %13,49koa zen duela lau urte. Hiru lurraldeetako datuak kontuan hartuta, igoera ia 14 puntukoa izan da: %28,05ekoa aurten; %14,14koa 2020an.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide