Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 18:00ak bitartean izandako parte hartze datuak eman berri ditu Eusko Jaurlaritzak. Zumaian, boto eskubidea duten herritarren %54,90ak eman du boza.
Gipuzkoan, berriz, %50,73koa izan da bigarren parte hartze datua; %36,7koa izan zen duela lau urte. Araban, %48,73k eman du botoa 18:00etarako, %33,2koa izan zen arratsaldeko parte hartzea 2020an; eta Bizkaian izan da ehuneko altuena, %51,87koa, hain zuzen. 2020an, %27,43koa izan zen ehunekoa lurralde horretan.
Hiru lurraldeak kontuan hartuta, %51,03ko parte hartzea izan da arratsalderako. Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, hamabost puntu egin du gora parte hartzeak, %36koa izan baitzen orduan.
Dena den, gaurko parte hartze datuak ez dira erabat konparagarriak aurreko hauteskundeetakoekin; izan ere, gaur, 13:00etan eta 18:00etan erregistratu dituzte parte hartzeari buruzko datuak, orain arte egin ohi zutena baino ordubete geroago, eta 14:00etan eta 19:00etan jakinarazi baitituzte.
Atari honek gertutik jarraituko du hauteskunde gaua, eta 21:00etatik aurrera hasiko da unean uneko emaitzak eskaintzen, grafiko eta bestelako irudiez osatuta.