Kirol patronatuaren eta Zumaiako Udalaren 2023ko aurrekontuen likidazio txostenak aurkeztu zituen udal gobernuak atzo arratsaldez egin zen apirileko ohiko udalbatzarrean. Unai Larrañaga ogasun zinegotziak azaldu zuenez, bi txosten ezberdin aurkezten dituzten azken urtea izango da. Izan ere, urtarrilaren 1ean desegin zuten Kirol patronatua, eta ordutik haren kontuak eta bete beharrak udalak hartu ditu bere gain. "2024an aurrekontu bakarrean doazenez, likidazio txosten bakarra izango dugu", esan zuen.
Kirol patronatuaren aurrekontua ia %100ean bete zela informatu zuen Larrañagak, eta urtea amaitu ondoren gerakinak 62.182 eurokoak izan zirela. "Kirol patronatua desegin denez, gerakin hau udalaren gerakinetara pasa da", esan zuen zinegotziak.
Udalaren kontuei dagokionez, 2023an obligazio onartua 20.147.802,31 eurokoa izan zela gogoratu zuen Larrañagak. Aurrekontua %78,76 gauzatu zela ere esan zuen plenoan. "Aurreko urteekin alderatuta ratio hau nabarmen igo da, oraindik ere esanguratsuagoa da zenbateko hau kontutan hartzen badugu 6.029.786,45 euro bideratu direla inbertsioetara, azken lau urtetako bataz bestekoa 1,9 milioi euro izan denean". Kobrantzetan, aldiz, 17.575.996 jaso direla informatu zuen.
Iazko urtean zehar izandako diru sarrera garrantzitsu batzuen berri ere eman zuen Larrañagak. Hala, aurreikusitakoa baino 267.597 euro gehiago jaso zituzten foru funtsetik; 193.579,72 UKUEko gerakinetatik itzulketa gisa; milioi bat euro Torreagako promozioari dagokion aprobetxamendu urbanistikotik; eta 400.000 euroko laguntza Komentuko eraberritze lanetako bigarren faserako.
2023. urtea 2.522.628,21 euroko defizitarekin amaitu zela azaldu zuen Larrañagak, baina, nabarmendu nahi izan zuen defizit hori ez dela "gastu arrunten desbideraketaren ondorioz" sortu, "egindako inbertsioengatik", baizik. Informatu zuen, baita ere, udalaren zorpetzeak "%5 inguruan jarraitzen" duela eta udalaren gerakinak 9.101.122,27 eurokoak direla. "Udalaren zorpetze ahalmena eta inbertsio ahalmenak beti bezain sendo jarraitzen dute, beraz".
Kreditu aldaketak
Kreditu aldaketa batzuen berri ere eman zuen Iñaki Ostolaza alkateak atzoko udalbatzan. Hala, beste diru partida batzuen artean, 69.000 euro bideratuko ditu udalak Patxita Etxezarreta kalean, itsas kiroldegi parean duen lokalaren –traineruak eta bestelako ontziak gordetzeko erabiltzen dena– fatxada berritzeko eta margotzeko. beste 80.000 euro gehituko zaizkie haurretik gordeta zeuden 50.000 eurori Itzurungo magaleko hesirako. Amaitzeko, iaz konprometituta zeuden 164.000 euroko diru partida 2024ra pasako dituzte.