Maiatzaren 12an egingo da Zumaiako kaleko pintura lehiaketa

Juan Luis Romatet 2024ko maiatzaren 1a

21. edizioa beteko du lehiaketa honek aurtengoarekin. Aurretik, etzi arratsaldez, izena eman dutenei zuzendutako aholkularitza tailerra egingo da Foronda kultur etxean.

Margolariak kalera aterako dira egun batzuk barru Zumaian. Maite edo, behintzat, gogoko duten jarduera hori egiteko erabiltzen duten estudioetatik atera, eta kaleko txokoak, kaleak, giroa, jendea jaso beharko dute beraien mihizetan. Maiatzaren 12an egingo da aurten 21. edizioa betetzen duen Zumaiako kaleko pintura lehiaketa.

Nahi duten guztiek har izango dute parte. Margotze lana kalean egin beharko dute, Zumaiako lur eremuaren barne. Teknika eta gaia parte hartzaileen esku geratuko bada ere, antolatzaileek Zumaiarekin lotura izatea eskatzen dute, lotura hori zuzena edo zeharkakoa izan daitekeelarik. 

Laneko euskarriak –gogorrak izan beharko dute ondorengo erakusketarako– Alondegiko Oxford erakusketa aretoan zigilatuko dituzte goizeko 9:00etatik 11:00etara bitartean. Euskarri horiek lanerako aurretik prestatuak eraman ahal izango dituzte, baina ez da onartuko marrazki, zirrimarra edo marra aztarrenik. Bukatutako lanak Oxford aretoa bertan 13:00etatik 14:00etara bitartean, egilearen datuekin.

Lehiaketako sariak aipatu aretoan emango dira 18:00etan. Irabazleak 800 euroko saria jasoko du, eta lan hori udalaren jabegora pasatuko da; bigarren saria 500 eurokoa izango da eta hirugarrena 300 eurokoa. Bestelako saririk eskuratu ez duen lehen zumaiarrak 300 euroko saria eskuratuko du. Haurren eta gaztetxoen sariak ere emango dira; gaztetxoen kasuan 12 eta 16 urte bitarteko onenari, eta haurrei dagokionez, 12 urte bitarteko onenari. Bietan ere arte materialez osatutako sortak emango dira. 

Aurkeztutako lanak ikusgai egongo dira Oxford aretoan maiatzaren 12tik 19ra.

Aholku tailerra, etzi

Zumaiako kaleko pintura lehiaketan parte hartuko dutenei zuzendutako oinarrizko aholku tailerra eskainiko da etzi, ostiralez, Foronda kultur etxean. Bi txandatan emango da: 17:00etan haurren eta gaztetxoentzako saioa izango da, eta 18:00etan helduentzakoa. 

Interesdunek aurrez izena eman beharko dute alondegia@zumaia.eus helbidera idatzita.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide