Euskal Herriko joaldunen aurtengo festa Zumaian egingo da, ekainaren 1ean

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 8a, 10:30

2023ko joaldunen festa Sopelan izan zen. (Hiruka)

Joaldun talde guztiak batzen dituen elkarteak Zumaia aukeratu du aurtengo festarako. 

Ekainaren 1ean Euskal Herriko txoko askotatik etorriko dira joaldunak, 2011tik Zumaian joareak astintzen diharduen Inpernupeko Joareak taldearekin batera. Izan ere, Zumaian egingo da joaldunen urteroko topaketa.

Egitaraua ere prest dute egun horretarako. Hala, eguerdiko 11:30ean joaldunen kalejira egingo da herriko kaleetan zehar. Bi ordu geroago, 13:30ean, plaza dantza izango da, eta 14:30ean herri bazkaria. Andoni Ollokiegiren musikak girotuko du hitzordua. Arratsaldean, berriz, 18:00etan hasita, Hamarru elektrotxarangaren kalejira izango da.

Bazkarirako txartelak salgai

Herri bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude Inpernupe, Txikixa eta Ilargi tabernetan. Helduen txartelen prezioa 20 euro izango da, eta 10 euro umeen kasuan.

Menuari dagokionez, helduentzako honakoa izango da: entsalada mistoa, baserriko oilaskoa parrillan, txerri saiheskia parrillan, Ezeizako pasteltxoak, kafea eta edaria. Haurrentzako menua hau izango da: patea, urdaiazpiko kroketak, KM0 hanburgesa, saltxita parrillan patatekin, izozkia eta edaria. Menu beganoa ere izango da aukeran: entsalada mistoa, kroketak, barazki menestra, lasagna eta anana.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide