Pasaiako Udalak Albaola elkartearekin batera antolatzen duen Pasaia Itsas Festibalaren hirugarren edizioa ospatuko da gaur hasi eta igandera bitartean. Jaialdi honek Pasaiako portuaren ondare balioa berreskuratzea eta ondarearen portu gisa nazioartean duen proiekzioa handitzea du helburu. Hala, belaontzi handi batzuk bisitatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, baita beste hainbat ekitaldiz gozatzeko ere.
Itsas ondarearekin lotutako jaialdia izanik, Beduola elkarteko lagunek ez dute aurten ere hutsik egingo. Zumaiako elkarte honek berreskuratutako sei ontzirekin hartuko du parte: Xabier, Kresala, Magallanes, Iturri, Andrea eta Mowgly. Hauetatik lau Oriotik abiatuko dira gaur bertan eta beste biak bihar aterako dira Zumaiatik.