Labarra Pulporen igoera fasea

Labarra Pulpok eta Colindresek lortu dituzte lehen garaipenak

Gorka Zabaleta 2024ko mai. 10a, 23:19

Labarra Pulpok 27-24 irabazi dio Tacoronteri, azkeneraino borrokatutako partidan. Aurrez, Colindres 27-26 gailendu zaio Redondelari. Giro zoragarria izan da harmailetan. Okerrena, Unai Morianaren lesioa.

Ez da hasiera erraza izan, baina lehen garaipena lortu du Labarra Pulpok eta ametsak bizirik dirau. Etxean jokatzea alde izaten da normalean, are gehiago harmailetatik halako bultzada jasota, baina estreinako eguneko ardura eta urduritasuna kontrario gaiztoak izaten dira. Normala da dena nahi bezala ez ateratzea, baina horrelakoetan hortzak estutu eta azkenera arte borrokatzea da bidea, dena ematea, hustu arte. Halaxe amaitu dute jokalariek hustuta, baina pozez, bi puntuak poltsikoan.

Ondo ekin dio Pulpok partidari. Ziztu batean 3-0 aurreratu dira, eta pentsa zitekeen nerbioak aldagelan utzita kantxaratu direla. Une batez, bazirudien Tacoronte ez zela etxekoen erritmoari eusteko gai, nabarmen makalago ekin baitiote norgehiagokari.

Lehen zatian zehar bost goleko aldea ere izan du Pulpok, baina inoiz ez da jakiten gauzak noiz eta nola has daitezkeen okertzen. Unax Santamaria atezaina eta Unai Moriana albokoa jaberik ez zuen baloi baten bila joan, elkarrekin tupust egin eta min hartu du Morianak, saihetsen atzealdean. Hortxe amaitu dira partida eta txapelketa beretzat, erietxean hausdura bat duela ikusi baitute.  

Moriana gabe, kanpoko jaurtiketaren mehatxua galdu du neurri handi batean Pulpok, eta beste bide batzuk baliatu behar izan dituzte erasoan. Lehen zatia 15-12 amaitu da, bigarrenean partida hautsi eta amaierara estuasun handiegirik gabe iristeko esperantzarekin.

Baina Tacorontekoak ez dira Euskal Herrira pintxoak jatera etorri. Defentsan jokalari sendoak eta esperientziadunak jarri ditu, eta erasoan jokoa bizitu duten jokalari arin eta trebeak. Pulpok jaurtiketa gehiegi huts egin ditu atezainaren aurrean, eta konturatzerako kanariarrak partidan sartu dira erabat. Bigarren zatiko 10. minuturako gol bakarrera jarri dira. Bada, partida zailtzen hasi den une horretan etorri da etxekoen estutualdia defentsan. Tacoronteko lehen lerro biziari indarrak agortzen hasi zaizkio, Unax Santamaria baloia gelditzen hasi da, eta erasoan Mikel Martinezek jarri ditu hain beharrezkoak ziren golak hegaletik (9 gol). 24-20 aurreratu dira, zazpi minutu amaitzeko. 

Tacorontek ez du amore eman, berriro 24-23 gerturatu dira. Baina Pulpok azken karta zuen eskuan: harmailetako bultzada. Energia horrekin ezin da burua makurtu. Azkenera arte lehiatu dira eta 27-24 irabazteko kapaz izan dira. Lehena poltsikoan.

Colindres, larri amaieran

Colindresen eta Redondelaren arteko partida jokatu da aurrez. Lehen zatian Colindres nagusi izan da, indar handiz kantxaratu dira, eta Galiziako taldea ezinean aritu da. 16-10 joan dira atsedenaldira. Bigarrenean baina, gauzak erabat aldatu dira. Colindresi indarrak agortu zaizkio, Redondelak jokoa azkartu egin du eta 20nako berdinketa lortu dute 43. minuturako. Handik amaierara bi taldeak oso parekatuta, Colindres garaipenari eusteko gai izan da, 27-26.

 

Igoera faseko partidak

Ostirala
Colindres 27-26 Club BM SAR. 
Labarra Pulpo 27-24 Tacoronte Lecomar 13 de Mayo.

Larunbata
17:15. Colindres - Tacoronte Lecomar 13 de Mayo. 
19:30. Labarra Pulpo - Club BM SAR.

Igandea
10:00. Tacoronte Lecomar 13 de Mayo - BM SAR.
12:15. Labarra Pulpo -  Colindres.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide