Mailaz igotzeko aukera eskura du Labarra Pulpok, baina azken langa gainditu arte ezin ezer eginatzat jo. Nahikoa da pittin da deskuidatzea muturreko latza jasotzeko. Gaur Colindresi gertatu zaio Tacoronteko kanariarren aurka: Pulporen kontrako "finalean" zuten burua gehiago, eta zortzi goleko aldeaz galdu dute. Oraindik badute txapelketa irabazteko aukera, noski, baina Tacoronte ere bizirik eta aukerekin iritsiko da azken jardunaldira.
Beraz, partidan erabat zentratuta kantxaratu beharra dago, gaur Labarra Pulpok eta Redondelak egin duten moduan: Pulpok, helburura beste urrats bat gerturatzeko helburuarekin; Redondelak, azken egunera aukerekin iristeko esperantzarekin.
Pulpok hartu du aurrea markagailuan hasieratik eta halaxe eutsi dio ia partida osoan, baina ez da norgehiagoka hausteko gai izan, eta azken txanpara dena erabakitzeke iritsi dira. Zorionez, taldea ez da inoiz makurtu eta azken kolpeak euren alde emateko kapaz izan dira. 29-25 irabazi dute azkenean, baina 26-25 ziren partida amaitzeko bi minuturen faltan.
Partida aurrera ateratzeko giltzen artean azpimarratu behar da taldeak zailtasunei aurre egiteko erakutsi duen kemena. Gaur denek eman dute pixka bat gehiago bezperako akatsak zuzentzeko, defentsa gogortzeko eta erasoan alternatiba gehiago eskaintzeko. Bi taldeetako atezainen lana ere nabarmentzekoa izan da, bigarren zatian bereziki.
Colindresen kontrako partida erabakigarrian ere kostako da, baina Labarra Pulpoko jokalariek erakutsi dute azkenera arte dena emateko prest daudela. Eta, gainera, harmailak horrela bultzatzen badu, nola ez dugu ba igoerarekin amets egingo?
Igoera faseko partidak
Ostirala
Colindres 27-26 Club BM SAR.
Labarra Pulpo 27-24 Tacoronte Lecomar 13 de Mayo.
Larunbata
Colindres 20-28 Tacoronte Lecomar 13 de Mayo.
Labarra Pulpo 29-25 Club BM SAR.
Igandea
10:00. Tacoronte Lecomar 13 de Mayo - BM SAR.
12:15. Labarra Pulpo - Colindres.