Labarra Pulporen igoera fasea

Eskubaloi festibala izan da Pulporena

Gorka Zabaleta 2024ko mai. 12a, 15:26

Colindresi 31-21 irabazi dio Labarra Pulpok gaur Lubakin, eta datorren urtean Lehen Maila Nazionalean jokatuko du. Klubak iragarri duenez, ospakizunak 19:00etan izango dira Kofradian.

Eskubaloi erakustaldia kantxan eta kantu festibala harmailetan. "Geuria da ta geuria", ozen abestu dute gaur Lubakin bildutako ehundaka jarratzailek, pozez zoratzen, egunez egun ikusi dutelako talde honek eman beharreko guztia ematen duela azkenera arte, are gehiago halako bultzada jasota. Festa lehertu da erabat, partida amaitzean, jokalariek eta jarraitzaileek bat egin dutenean Lubakiko kantxan, gaztetxoenak ere tartean, aurrerantzean betirako eredu izango dituzten jokalariekin zoratzen. Garaipena, beraz alde guztietatik begiratuta: meritu handiko kirol balentria lortu dute, hiru egun zoragarri pasarazi dizkiete zumaiarrei, eta hazi sendoekin erein dute etorkizunerako eskubaloizaletasuna.

Baina horren guztiaren aurretik, partida bat zegoen jokatzeko. Aurrez Tacorontek Redondelari irabazi dio eta kanariarrek bazuten lehenak amaitzeko aukera, Colindresek Pulporik irabaziz gero. Beraz,  txapelketako azken partidan, zirt edo zart. Berdinketarekin nahikoa zuen Labarra Pulpok, baina ez dira epelkeriatan ibili zale. Iraitz Mugika, Mikel Etxabe eta Eneko Tena entrenatzaileen aginduak eta aholkuak ondo barneratuta kantxaratu dira, partidaren agintea hasieratik hartzeko konbentzimenduarekin.

Atzean oso erne egon beharra zegoen pibotearekin, hura baita Colindresen erasoko baliabide nagusia. Hura ondo lotuta, lan asko aurreratu ditu Pulpok, Colindresi ikaragarri kostatu baitzaio erasoan min egitea. Labarrak erritmo altua mantendu du partida osoan, eta Colindres ez da erronkari aurre egiteko gai izan. Bosgarren minuturako 5-1 zen aurretik Pulpo, eta txakalaldiaren beldur handirik gabe. Lau gora (16-12) atsedenaldira, aurreko norgehiagoketan ez bezala, partida edozein momentutan txikitzeko aukera ikusten zelarik.

Bigarren zatia hasi orduko, beste estutualdi bat jo du Pulpok, eta 20-12 aurreratu dira. Hutsartea eskatu behar izan du Colindresen, artean bigarren zatiko bost minutu jokatu gabe zeudenean. Baina gaur ez zegoen Pulpo gelditzeko modurik. Jokalari guztiek pauso bat egin dute aurrera txapelketa honetan, eta gaurkoan taldeari ez zaio ezintasunik igerri partida osoan. Colindres 21-17 gerturatu denean ere, ez da kezka handirik izan zumaiarren artean.

Partida amaiera artekoa festa handia izan da. Jokatu gabe zeuden Julen Arrizabalaga eta Ander Moriana ere atera ditu entrenatzaileak, eta Moriana anaietako gazteak bi gol ere egin ditu, min hartutako anaiaren eta jarraitzaile guztien gozamenerako. 31-21, azken margakailuak oso ondo adierazten du gaur Lubakin ikusitakoa: Pulporen festibala.

Ospakizunak 19:00etan Kofradian

Pulpo elkartean bazkaldu ondoren, herritarrekin ospatuko dute Kofradian, 19:00etatik aurrera. Eta gero, gerokoak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide