Lainoz jantzita esnatu zen atzo Zumaia. Bezperan ez bezala, euririk ez zuen egin igandean zehar, eta Kaleko Pintura Lehiaketan izena eman zuten margolariek ez zuten arazorik izan beraien irudimena, trebezia eta margoekin duten artea mihisetan jartzeko. 31 lagunek parte hartu dute lehiaketa honen XXI. edizioan, 21ek helduen kategorian, eta beste hamarrek haurren mailan.
Goizetik eguerdira bitartean aritu ziren margolariak lanean, alde zaharrean, ibaiertzean, Zumaiako leku desberdinetan. Bazkalondoren, lehiaketako epaileen txanda izan zen. Bego Blanco, Julian Egiguren, Francisco Hernandez eta Valentin Manterola Zumaiako margolariek, iazko lehiaketa irabazi zuen Rikardo Azkargortak, eta, Zumaiako Udaleko ordezkari gisa, Marina Bidasoro kultur zinegotziak osatu dute aurtengo epaimahaia.
Hauen iritziz, Jose Reyes Ramos margolariak egindako lana izan da lehiaketara aurkeztutako onena. Kirol portuko ontzi batzuekin osatu du Reyes Ramosek garaile suertatu den koadroa. 800 euroko saria irabazi du margolariak. Bigarren saria, 500 euroz osatutakoa, Esteban Oroz Aizpunek irabazi du. Usategi ingurutik hartutako ikuspegia jaso du honek bere margoan. Hirugarren saria, berriz, 300 eurokoa, Carlos Espiga Alonsok jaso du. Honek ere Kirol portu ingurura jo du bere lana egiteko. Zumaiar onenaren saria, aldiz, Irune Aizpurua Hijarrek jaso du. Alondegia, Parrokia eta Zumaiako erdiguneko beste hainbat eraikin margotu ditu gazteak. 300 euroko saria jaso du zumaiar onena bezala.
Hamabi urtez beherakoen gaztetxoen atalean bi artista gazte saritu dituzte, Libe Zubimendi Duran eta Maia Senosiain. Margotzeko materiala jaso dute bi gaztetxo hauek sari bezala.
Lehiaketara aurkeztutako lanez osatutako erakusketa gaur arratsaldean zabalduko dute Alondegiko Oxford aretoan. Bilduma maiatzaren 19ra arte izango da ikusgai, arratsaldez 18:30etik 20:30era. Asteburuan eguerditan ere ikusi ahal izango da, 12:30etik 14:00etara.