Gipuzkoako trainerilla txapelketa irabazi dute Zumaiako emakumeek senior kategorian

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 13a, 10:30

Zumaiako emakumeak irabazlearen banderarekin. (Telmo Deun arraun elkartea)

Emaitza bikainak lortu ditu Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteak pasa berri den asteburuan jokatutako Gipuzkoako trainerilla txapelketan. Klubeko emakumeek bandera astindu dute senior kategorian. Horrekin nahikoa ez, eta kadetetan hirugarren izan dira Zumaiakoak, neskatan zein mutiletan.

Gipuzkoako trainerilla txapelketa jokatu da pasa den asteburuan. Larunbatean txapelketarako sailkatze estropadak jokatu ziren Orion (Hernanik antolatuta); Gipuzkoako trainerilla ligako laugarren jardunaldia ere izan zen Oriokoa. Igandean, berriz, Getarian jokatu ziren txapelketako finalak, eta hor sorpresa galanta eman zuten Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko emakumeek. 

Izan ere, trainerilla gorria irabazi zuen senior kategorian. Ez edonola, gainera, bigarren sailkatu zen Tolosaldeari hamahiru segundoko aldea atera baitzion. Donostiarra izan zen hirugarren 34 segundora eta San Juan laugarren ia minutu batera. Ikustekoa zen Opari trainerillarekin lehiatu ziren arraunlarien poza bandera astintzerako orduan.

Emakumeetan baita ere, baina kadete mailan, hirugarren izan ziren Zumaiako arraunlariak. Pasaiako ontziak sailkatu ziren zumaiarren aurretik: San Juan lehena izan zen eta bigarren San Pedro. Gizonetan ere hirugarren postu bikain bat lortu zuen Telmo Deun arraun elkarteko trainerillak, kasu honetan San Juan eta Getariaren atzetik.

Datorren asteburuan jokatuko da Euskadiko trainerilla txapelketa. Ondarroan (Bizkaia) jokatuko dira estropadak igandean, hilaren 19an.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide