Berdintasunerako behin behineko ordenantzan ekarpenak egin ditzakete herritarrek

Maria Maya Manterola 2024ko mai. 13a, 13:30

Urtea amaitu aurretik onartzea espero du udalak. Dagoeneko ikusgai da, eta hilaren 31ra bitartean, ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek.

Genero ikuspegiaren zeharkakotasunean sakontzeko asmotan, Berdintasunerako Udal Ordenantza onartu nahi du udalak. Dagoeneko osatu dute zirriborroa, eta dokumentu horri ekarpenak egiteko aukera izango dute orain herritarrek maiatzaren 31ra artean. 

Udal Gobernuak azaldu duenez, hainbat arlo landu dira azken urteotan, besteak beste, hizkuntza ez sexistarako irizpideak lantzea edota udal langileen trebakuntza. Azaldu dute plan horiei esker txertatu dituztela berdintasun politikak estrategia integral baten barruan, eta orain arteko ibilbidea positiboki baloratu ondoren ekin diote berdintasunerako ordenantza idazteari. Izan ere, "oinarri juridiko sendoagoak" jartzeko baliagarria izango dela uste dute. 

Jendaurreko agerraldian dago dagoeneko ordenantza, Zumaiako Udalaren webgunean. Behin ekarpenak jaso eta aztertuta, urtea amaitu aurretik onartu nahi lukete. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide