Erribera kaleko zamalanak egiteko ordutegia aldatuko du udalak hezkuntza komunitatearen eskaerei so eginez. Aldaketa hauek atzo jarri ziren indarrean.
Orain arte goizeko 8:00etatik 12:00etara bitartean egin zitezkeen zamalanak kale honetan, eta eguerditik aurrera oinezkoentzako kalea bihurtzen zen Erribera. Behin aldaketak aplikatuta, ordu eta laurden beranduago hasiko da zamalanen ordutegia, 9:15etan, eta, lehen bezala, 12:00etan bukatuko da.
Astelehenetik larunbatera aplikatuko da ordutegi hori; igandeetan eta jai-egunetan trafikoa erabat itxita egoten da egun osoan zehar. Bide batez, Zumaiako Udalak gogorarazi nahi du ordutegi hori zamalanerako bakarrik dela, eta ez erosketak edo bestelakoak egiteko.
Aldaketa honekin eskolara doazen haurren segurtasuna bermatu nahi du udalak. "Erabakia hartu da tokiko hezkuntza komunitatearen eskaria entzunda, eta ikasleen beharrak kontutan hartuta, eskolarako bide seguruagoa eta atseginagoa bermatzeko", azaldu du udalak. Aldaketa merkatariekin adostuta hartu dutela ere azaldu du udalak.